Durangaldeko hainbat komertziotako erakusleihoak pintaketekin josita agertu ziren barikutik zapaturako gauean. Margoketetako mezuek erreferentzia argia egin zioten erosketa plataforma erraldoi eta ezagun bati. Gaur, baina, Durangaldeko merkatarien elkarteek jakinarazi dute dendariek beraiek egin dituztela pintaketak haien negozioetan. "Gure erakusleihoak pintatu behar izan ditugu, arreta piztu eta tokiko merkataritzaren inguruko kezka herritarrei helarazteko", aitortu dute hedabideetara bidalitako oharrean. "Eskerrak eman nahi dizkizuegu gure dendak arriskuan ikustean, laguntzeko saiakera egin duzuen herritar guztiei", gaineratu dute. Pintaketak egiteko erabili duten spray potoa berezia da, urarekin garbitzeko modukoa.
Produktuak "inondik ekarri beharrik barik"
Durangaldeko merkatariek "salmenta beherakada" igarri dute azken urteotan. "Interneteko plataforma erraldoiak" dira, euren berbetan, dendentzako "benetako arriskua". "Kanpaina honekin helarazi gura dugun mezua argia da: Durangaldean behar diren produktu eta zerbitzu guztiak eskura daudela erakustea, inora joan beharrik edo inondik ekarri beharrik gabe", azaldu dute. Horretarako kanpaina berri bat hasiko dute. Abenduaren 2an aurkeztuko dute, Iurretako Askondon, 13:45ean.