Durangaldeko hiru gazteri zazpina hilabeteko kartzela zigorra ezarri diete Ertzaintzari “erresistentzia larria” eta “lesio delituak” egiteagatik

Anboto 2022ko uzt. 19a, 20:58

Ertzaintzak Durangaldeko hiru gazte eta eskualdetik kanpoko beste lau atxilotu zituen iazko maiatzean, Bilbon, Ernai antolakundeak deituriko manifestazio batean. Kartzela zigorraz gainera, epaileak 7.000 euroko zigor ekonomikoa ezarri die. Ernaik "muntaketa poliziala" salatu du.

Iazko maiatzaren 7an, Ernai antolakundeak gazteen “larrialdi egoera” eta “bizi baldintza prekarioak” salatzeko manifestazioak egin zituen Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Ertzaintzak gazte bat atxilotu zuen Gasteizen, eta beste zazpi Bilbon. Bizkaiko hiriburuan atxiloturikoen artean Durangaldeko hiru gazte egon ziren. Ertzaintzak “agintearen aurkako atentatua” eta “lesio delitua” egotzi zien denei. Gazteen kontrako epaiketa aurtengo ekainaren 15ean hasi zen eta sententziak gaur ikusi du argia: epaileak zazpina hilabeteko kartzela zigorra eta 7.000 euroko zigor ekonomikoa ezarri die Bilbon atxiloturiko zazpi gazteei. Ertzaintzako agenteei “erresistentzia larria” egitea eta “lesio delituak” eragitea egotzi die. Gazte antolakundeak epaia errefusatu du. Sare sozialetan adierazi duenez, “bizitza duinen bidean” zigorrek ez dituztela geldituko adierazi dute. Akusazioak "muntaketa poliziala" direla dio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!