“Guganako babesa gazteon bizi baldintza duinen aldeko bultzada bihurtzea gura genuke”

Anboto 2022ko mai. 27a, 09:30

Ekainaren 15ean, zazpi gazte bizkaitar epaituko dituzte Bilboko epaitegian. Iazko maiatzean Ernai gazte antolakundeak deituriko mobilizazioetan atxilotu zituen Ertzaintzak, desordena publikoa sortzea -epaileak gero ebatzi zuen desordenik ez zela egon-, agintearen aurkako atentatua eta lesio delitua egotzita. Hamazortzitik hogei hilabetera bitarteko kartzela zigor eskaerei eta 20.000 euroko zigor ekonomikoei aurre egin beharko diete.

Zazpi gazte horietariko hiru Durangaldekoak dira eta euretariko bigaz batu da ANBOTO: Martin Loizate (Durango, 1997) eta Pello Zabarte (Zaldibar, 1997). Gazteei elkartasuna adierazteko eta iazko mobilizazioetara deitzeko arrazoiek “bere horretan” jarraitzen dutela salatzeko, Ernaik manifestaziora deitu du ekainaren 4rako; 17:30ean hasiko da, Bilboko Plaza Eliptikotik.

Ernaik mobilizaziora deitu du ekainaren 4rako.
Pello Zabarte: Gazteok, iaz, kalera irten genuen larrialdi egoera batean bizi garela salatzeko. Pandemiaren testuinguruagaz bizkor areagotzen zebilen egoera bat izan arren, egoera hau estrukturala dela uste genuen, eta uste dugu. Gazteon prekaritatea salatzeko irten genuen kalera, etxebizitza lortzeko dugun ezintasuna, lan prekarioak, langabezia tasa altua, gaixotasun psikosozialak, kriminalizazioa... salatzeko. Horiek denak salatzera irten genuen, eta antolakuntzaren eta borrokaren beharra azpimarratzera. Gerora, muntaia polizial bat sortu da mobilizazio horien inguruan, euren errelatoan oinarritzen dena. 
Martin Loizate: Iaz kalera irten genuen datuak eskasak zirelako. Hiru gazterik bat langabezian zegoen, eta lanean zeudenek soldataren %45 alokairua ordaintzeko erabiltzen zuten. Horiek adibide bi baino ez dira. Eta gaur egun egoera ez da hobea. Prezioen igoera ere kontuan hartu behar da, gainera. Arazoa koiunturala zela zioten, baina agerian geratu da gezurra zela. Ikusi da birusa ez dela egoera honen erantzulea. Sistema bera da arazoa, eta horri buelta eman ezean ez da konponduko.

Manifestazioaz gainera, beste ekitaldi batzuk ere antolatu dituzue.
M. L.: Besteak beste, elkartasun kontzertuak eta mahai-inguruak antolatu ditugu, eta harrera ona izan dute. Ez dugu ezer espero, ez poliziarengandik ezta epaileengandik ere. Inguruak babestu gaitu, eta horri eskerrak irtengo gara ondo.
P. Z.: Ingurukoei eta denei babes hori eskertu gura genieke, eta, aldi berean, babes hori gazteon bizi baldintza duinen aldeko bultzada bihurtzea gura genuke.

Ekainaren 15ean epaiketa izango duzue.
M. L.: Bizkaiko zazpi gazte epaituko gaituzte. Bakoitzarentzat 18tik 20 hilabetera arteko zigor eskaerak eta 20.000 euroko zigorrak eskatzen dituzte. agintearen aurkako atentatua eta lesio delituak egitea egozten digute.
P. Z.: Hasieran, desordenak sortzea ere egozten ziguten. Baina instrukzio epaileak desordenik egon ez zela ebatzi zuen. Hortaz, deigarria da desordenik egon ez den testuinguru batean zazpi atxilotu eta 60 zauritu egotea. Gu nahiko arin atxilotu gintuzten, beste lau gaztegaz batera; zazpigarrena geroago atxilotu zuten, izan ere protestek Deustuko polizia-etxearen inguruan jarraitu zuten. Irudiak daude, grabatuta dago bertan zeuden gazteak eta auzotarrak zelan jipoitu zituzten. Eguneko irudi mordoa dago, eta denetan indarkeria bakarra ikusten da, Ertzaintzaren aldetik datorrena. Hala ere, ez dakigu zer gertatuko den epaiketan, ertzainen berba hor dagoelako, eta hori da froga bakarra, azken finean. 
M. L.: Larrialdi egoeraren erantzuleak seinalatu gura izan genituen, eta horregaitik amaitu genuen manifestazioa Albia Lorategietan [Sabin Etxea bertan dago]. Gaia alboratu gura zutela ikusita, arduradunak eurak zirela azpimarratu gura genuen, eta esango nuke hori ez zitzaiela gustatu, eta horregaitik agindu zutela kargatzea; kargaren atzean, benetan, ez zegoen desordenik ez horrelako besterik. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!