LGTBIfobiaren kontra egiteko deia, eraso LGTBIfoboak gora egiten ari diren garaiotan

Ekaitz Herrera 2022ko mai. 17a, 13:11

Ostadar koloreekin egindako margoketa bat Iurretan.

LGTBI+ komunitateak kezkaz begiratzen die azken boladan izaten ari diren erasoei. Euskal Herriko mugimenduak kalera irtengo du gaur identitate, genero, orientazio eta sexualitate aniztasuna aldarrikatzera.

Gizonezko homosexual batek beste bat bortxatu du Santurtzin; harrikadak eta irainak egon dira Uribarri-Ganboako urtegian (Araba), eraso lesbofoboa Donostiako Ondarreta hondartzan; hainbat gizonezko homosexual hil dituzte Bilbon. Eta, eskualdean ere, bada zer aipatu. Zornotzan eraso homofobo bat gertatu zen hilabete honen hasieran. Euskal Herriko LGTBI+ komunitateak kezkaz begiratzen dio azken boladan izaten ari diren erasoei.

Gaurko egunez izan zen. 1990eko maiatzaren 17an. Munduko Osasun Erakundeak gaixotasun mentalen zerrendatik ezabatu zuen homosexualitatea. Eta data horretatik dator, hain zuzen ere, LGTBIfobiaren Kontrako Egun hau. Baina LGTBIfobia ikuspegi mediko batetik despatologizatu zen arren, argi geratu da oraindik ere asko direla sozialki errotutako estigmatizazioak eta arau zisheteroak markaturiko jarrerak.

Horren aurrean, ostadar koloreko komunitateak mobilizatzera deitu du. Erasoak salatzeko. Ardurak eskatzeko. Bestelako harreman, identitate, genero, orientazio eta sexualitateak aldarrikatzeko. Eta hain zuzen ere, aldarri horrek erasoen gorakada batekin egingo du bat. Eraso LGTBIfoboen gorakadarekin. Iluntze honetako 20:00etan, adibidez, Bilbon kontzentrazioa egingo dute azken bolada honetako erasoak salatzeko. Mobilizazioa Arriaga plazan egingo dute. 

Egitasmoak Durangaldean

  • Abadiñon, eguenean, Zinegoak jaialdiko sei film labur eskainiko dituzte.
  • Iurretan adierazpen instituzionala irakurriko dute gaur. Askondon egingo dute, 19:00etan. Bihar Josune Muñozen berbaldia egongo da Ibarretxe Kultur Etxean. "Entre géneros, líneas y viñetas". Bestalde, egunotan, Juan Orobiogoitia institutuko 4. DBHko ikasleek ostadarraren koloreekin apaindutako margoketa egin dute ikastetxeetara bidean dauden eskaileretan (Argazkiko irudia).
  • Berrizen, zinema eta antzerki saioak antolatu dituzte. Maiatzaren 20an (19:30etan) eta 22an (19:00etan) "Ámame" pelikula eskainiko dute zinema aretoan. Maiatzaren 21ean, 19:00etan, "Fresa y chocolate" antzezlana eskainiko dute kultur etxean
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!