[BIDEOA] "Berdin digu arau zisheteroa gu onartzeko prest dagoen ala ez; ez dugu garena izateko baimenik eskatuko"

Ekaitz Herrera 2022ko mai. 16a, 17:30

Zornotzako Akelarre plataformak LGTBI herritarrei ikusgaitasuna emateko eta aliantzak sortzeko lan egiten du. Iñigo Ranero plataformako kideetariko bat da. Pedagogiatik konfrontaziora salto egiteko sasoia dela adierazi du zornotzarrak.

Maiatzaren 17a LGTBfobiaren aurkako eguna dela eta, Ranerok eta Akelarreko kideek kalera irtengo dute, Bilbora, aldarrikapenekin bat egitera. 

Zornotzan eraso homofobo bat izan zen apiril amaieran; Santurtzin gizonezko batek beste bat bortxatu zuen; Bilbon gizonezko batek gutxienez lau homosexual hil ditu. Zein da egoeraz egiten duzun interpretazioa?
Argi dugu eraso hauek ez direla kasu puntualak. Zerbait estrukturala dira, sistemak bultzaturikoak. Eta ez dira kalean bakarrik gertatzen. Aniztasun bat gorpuzten eta haragiztatzen dugunok etenbako erasoak jasaten ditugu, eta badago gizarte oso bat, modu batera edo bestera, eraso hori babesten duena. Bai konplize bilakatuta, bai isilik geratuta eta baita erasotzaile izanda ere. Pentsatu behar duguna da ea zein den gura dugun gizartea. Pedagogiatik konfrontaziora pasatu behar dugula uste dugu. Elkarretaratzeak beharrezkoak dira, baina pauso bat gehiago eman behar dugu. Azken finean, gure bizia arriskuan dago. 

Norabidea, beraz, konfrontazioa da.
Orain arte konkistatuta genituen espazioetan atzerapauso bat egin dugula igarri dugu. Eta horrek aniztasuna gorpuzten dugunon arteko antolakuntza bat sortu beharra eskatzen du. Fronte amankomun bat. Kaleak, familiak, eskolak, horiek berriro konkistatu behar ditugu. Pedagogia alde batera utzi eta gure ekintzak beste era batera konfrontatzea eskatzen du horrek. 

LGTBI komunitateko kideek protesta egingo dute martitzenean, maiatzaren 17an, Bilboko Arriaga plazan.
Bilbokoa gure kolektiboari egiten zaion dei bat da. Gauza jakina da kolektiboaren barruan iritzi eta korronte desberdinak ditugula, baina une honetan batuta egon behar dugula iruditzen zait. Izan ere, guganako erasoak areagotzen ari dira eta eraso horiek geroago eta indarkeria handiagoz datoz. Gure kolektiboa hemen dagoela ikusarazi behar dugu, zutik dagoela, erasoei aurre egiteko prest. Gero, badago beste kontu bat ere. Konplizeak behar ditugu, aliatuak. Erasoak babesten ez dituzten gizon eta emakume heterosexualak. Gurea euren espazio zentrala ez den arren, ondoan behar ditugu, indar erakustaldia egiteko eta ahalduntze ariketa egiteko.

Arau heteroan eta arau zisean oinarrituriko gizartea prest al dago intsumisoak diren gorputz, identitate, genero eta orientazioak aterpetzeko?
Berdin digu prest dauden ala ez. Ez dugu horretarako baimenik eskatuko. Ez dut bizitza osoan baimenik eskatu eta ez dut gura ondorengoek baimena eskatu dezaten. Historian zehar, gure kolektiboa eta emakumeak bazterrean kokatu gara. Parte hartzeko, egoteko, baimena eskatu izan dugu, eta orain, hori egiteari utzi behar diogu. Nahikoa da. Ez gaude gure gorputzak domestikatzeko prest. Autonomoki lan egiten eta etsaia zein den argi uzten hasi behar dugu. Gugaz ez dagoena gure etsaia dela ulertuko dugu. Hau da, taberna batetik erasotzaileak kanporatzen ez badira, ulertuko dugu taberna horretan ez gaituztela gura. Kuadrilla batetik erasotzaileak kanporatzen ez badira, ulertuko dugu hor matxismoa, homofobia edo transfobia babesten dituztela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!