#0km

Elikatu Durangaldea: 48 ekoizleren eta 12 komertzioren elkarlana, herritarrak eskualdeko produktuekin elikatzeko

Ekaitz Herrera 2022ko urt. 14a, 09:30

Sei hilabete igaro dira Durangaldeko baserritar ekoizleek, dendariek eta Urkiola Landa Garapenak Elikatu Durangaldea proiektua aurkeztu zutenetik. Proiektuak ikusgaitasun handiagoa eman gura die gure eskualdeko baserritarrek ekoizten dituzten produktuei. Komertzioak eta tabernak arduratzen dira produktu horiek saltzeaz eta kontsumitzailearengana heralazteaz, baina egitasmoaren bultzatzaileek pauso bat gehiago eman gura dute.

Urkiola Landa Garapeneko Ibon Goitia teknikariaren berbetan, "Durangaldeko tokiko produktuak eskualdean saltzen diren arren, ez dute behar besteko ikusgaitasunik. Dendariek eta ostalariek egiten duten esfortzuak ez du merezitako saria" izaten. Hori dela eta, komunitate "indartsu, dinamiko eta egonkor bat" sortu gura dute, herritarrek tokiko produktuekiko jarrera errotu dezaten.

Kontzientzia zabaltzen

Goitiak dioenez, janari osasuntsuagazko kontzientzia apurka-apurka zabaltzen dabil Durangaldeko herritarren artean. Sektoreak baditu egonkortzeko aukerak. Baina baditu arriskuak ere. Izan ere, Goitiak aipatu du azken urteotan "jaitsi" egin dela nekazari eta abeltzain kopurua, eta errelebo falta "arazo handia" izatera ailegatu dela. Ostalariei eta komertzioei buruz ere, beste horrenbeste. Tokiko komertzioak eta ostalaritzak daukaten gainbeherako joerari aurre egiteko ekimen eta aliatu berrien premian daude. "Erosteko moduak asko aldatu dira, eta bertoko produktuak erosteko ohitura ere jaitsi egin da", azpimarratu du Goitiak. Egoera horri aurre egiteko, beharrezkotzat jo du Durangaldean ekoizturiko elikagaiak bertoko kontsumitzaileen eskura ipintzea.

Proiektura atxikitako dendariek eta ostalariek Elikatu Durangaldea izeneko ikur identifikatiboak dituzte establezimenduetan. Horrez gainera, dinamikaren bultzatzaileek aurreratu dute datozen asteetan ekoizleen zein denden banakako aurkezpenak egiten hasiko direla sare sozialetan eta buletinetan. Honako erreportaje honetan euretariko batzuk ezagutuko ditugu.

Elkarrizketatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!