Betikoa, gertukoa

Tokiko merkataritzan euskararen erabilera bultzatuz

Anboto 2021ko aza. 26a, 09:30

Merkataritzan euskararen erabilera bultzatu guran, Durangaldeko hainbat udalek Betikoa, gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz kanpainagaz bat egin dute. Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko ekimenak euskararen erabilera konfiantzagaz lotzen du merkataritzaren testuinguruan. "Tokiko merkataritzak berezkoak dituen gertutasunak eta betikotasunak konfiantzazko hartu-emana sortzen dute. Era berean, hartu-eman horrek kalitateagaz lotura dauka, bai produktuarena eta baita hartu-emanena ere", azaldu dute egitasmoaren bultzatzaileek. Durangaldean lau herrik bat egin dute kanpainagaz: Durangok, Zornotzak, Berrizek eta Zaldibarrek.

Durangoren kasuan, Fernan Ruiz Berbaro euskara elkarteko eta Durangoko Udaleko dinamizatzaileak dioenez, komertzioetako egoera orokorraren argazkia egitea oso gatxa da, ez delako sekula ikerketarik egin. "Hala ere, sentsazioa daukat azken urteetan nabaritzen dela aldaketa. Gaur egun, paisaje linguistikoa euskaldunagoa da", dio Ruizek. "Komertzio handietan gabezia nabaritzen da, baina dendari txikiak ahalegina egiten dabiltzala nabaritzen da. Merkatari elkarteko langileak denak dira euskaldunak, eta eredu izateak badu eragina", nabarmendu du Ruizek. Ahozkoari dagokionez, belaunaldi berri bat merkataritzan eta ostalaritzan lanean dabil. Euskaraldian lan handia egin zuten komertzioan eta ostalaritzan, euskararen erabilera bultzatu eta hizkuntza ohiturak aldatzeko. "Durangon merkataritza oso bizia da. Euskaralditik ibili ginen dendarik denda. Uste dut horrek ere hondarren bat utziko zuela", dio Berbaroko langileak. 

Zaldibarren kasuan, Inma Eguen euskara teknikariak dioenez, Zaldibarko komertzioetan euskararen erabilera altua da orokorrean. Udalak merkatari eta ostalariei merkataritza gida banatu zien, webguneak euskalduntzeko zein itzulpenetarako laguntzak daudela gogorarazteko. Langile euskaldunen bila badabiltza, Lansarean webgunea ere hor dagoela gogorarazten diegu", azaldu du. Gainera, Hirigintza Sailagaz hartu-eman zuzena dute. "Denda berriren bat zabaldu gura duenari ere informazioa helarazten diogu. Negozioa zabaldu aurretik zer edo zer gura badute lagundu egiten diegu", gaineratu du Eguenek.

Zornotzan, komertzioan eta ostalaritzan euskararen erabilera kalekoaren isla dela dio Aritza Escandon euskara teknikariak. "Zornotzan %56 euskalduna da, eta %17,5 ia euskalduna.  Kaleko erabilera, ostera, %21ekoa da. Zornotzan 92 taberna-jatetxe eta 212 denda daude. Gainera, Arratiatik eta Durangaldetik bezero ugari heltzen da. "Merkataritzan euskararen erabilera aztertzeko ikerketa egiteko asmoa dugu laster", gaineratu du euskara teknikariak.

Berrizen dendaririk gehienek euskaraz berba egiteko gaitasuna dutela azaldu du Maite Gerenabarrena teknikariak. "Herri txikia izateak aukera ematen digu merkatariekin hartu-eman zuzena izateko, eta orokorrean euskaldunak dira. Merkataritza erdaragaz lotzen da askotan, eta horixe da aldatu behar dena. Berrizen, kartelagaz batera pegatina ipini dugu, identifikagarria izan dadin. Gure kasuan, denda berriak zabaldu dira eta bertoko gazteek zabaldu dituzte. Horrek bultzada emango dio bai merkataritzari eta baita euskararen erabilerari ere, kanpotik herrira datozenek ere identifikatu ahalko dituztelako", gaineratu du Gerenabarrenak.

ANBOTOk lau herrietako lau merkatari eta tabernarigaz egongo da. 
Txabi Emaldia Zornotzako Xiberu tabernako jabea.
Ander Pinilla Berrizko Julia arrandegiko jabea.
Asier Arrieta Durangoko Makawa dendako jabea
Bakarne Belar Zaldibarko Belar fruta dendako jabea

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!