Julia arrandegia zabaldu duzu oraintsu.
Bai. Hamar urte generamatzan Eroski barruan, baina orain gure kabuz hasi gara.
Zure komertzioan, zer garrantzi ematen diozu euskararen erabilerari?
Oso garrantzitsua dela uste dut. Jende nagusia etortzen zaigu eta gazteak ere bai. Adibidez, nire emaztea gugaz hasi zen eta euskara apur bat galduta zuen. Bezeroekin euskaraz berba eginez eta beldurra galduz, orain ondo berba egiten du.
Merkatari gazteengan badago alderik hizkuntza aldetik?
Bai, beharbada lehen, orokorrean, ez zioten hainbesteko garrantzirik ematen. Gu ahalegintzen gara lehenengo berba euskaraz egiten eta kartelak euskaraz ipintzen. Hori ona da komertzioa bultzatzen gabiltzalako eta, era berean, euskararen erabileran eragiten gabiltzalako.