"AEBetan txertatze kanpaina modu oso eraginkorrean antolatzen ari dira"

Jone Guenetxea 2021ko ots. 7a, 17:06

Judit Muñoz zientzialari abadiñarra eta Jon Muñoz futbol entrenatzaile durangarra Austinen bizi dira (Texas, AEB). Joan zen barikuan bikoteak Pfizerren txertoa jaso zuen. AEBetan txertatze kanpaina zelan antolatzen ari diren azaldu dute. 

Txerto kanpaina zelan ari dira antolatzen AEBetan?
Txertatze kanpaina modu oso eraginkorrean antolatzen ari dira. Joe Biden presidenteak udarako herrialde osoa txertatu gura du, 320 milioi pertsona. Gobernuak txertoak erosi ditu eta doan dira. Mundu guztiarentzako izango dira aseguru medikoa ez dutenentzat edo egoera irregularrean daudenentzat ere bai. Kainpaina faseka zatitu dute. 1A fasea osasungintzako eta lehen lerroan diharduten langileentzat da. 1B fasea 65 urtetik gorakoentzat eta beste patologia batzuk dituzten 16 urtetik gorakoentzat. 2. fasean gainerako herritarrak txertatuko dituzte. Momentu honetan 1B fasean daude eta 35 milioi pertsona txertatu dituzte. Ospitaleetan, osasun zentroetan eta farmazietan txertatzen ari dira. Beste leku batzuk ere egokitu dituzte txertoak emateko. Drive-through delakoetan kotxean txertatzen zaituzte.

Zuek noiz eta zelan hartu duzue txertoa? 
Hitzordua hartzea zaila izan da, jendea oso kontzientziatuta dago eta. Orokorrean, txertoa hartzea gura dute. Zentro bakoitzak web orrialde bat dauka hitzordua hartzeko, baina txandak azkar amaitzen dira. Asko saiatu eta gero, Austinetik ordu betera dagoen hiri batean txanda hartzea lortu genuen, azkenengo momentuko kantzelazio batengatik. Aste osoa saiatzen egon eta gero, eguen gauean bariku eguerdirako hitzordu bi hartzea lortu genuen.

Zein txerto jaso duzue? 
Jon eta biok 1B fasean gaude Jon diabetikoa delako eta nik asma eta esklerosi anizkoitza dudalako. Txertoa hartzera joan ginen zentroan ez ziguten horren dokumentaziorik eskatu. Ez dute erritmoa moteldu gura, eta jendeak bere txanda itxarongo duela uste dute. Pfizer txertoaren lehenengo dosia jarri digute eta martxoaren 3an bigarrena jasotzera joan behar gara.

Zeintzuk ari dira erabiltzen momentu honetan AEBn?
Pfizer eta Moderna. Horiek dira AEBetan ekoizten direnak. Ezin duzu bietako bat aukeratu. Zentro bakoitzak bata edo bestea erabilzten du.

Txertoa hartzeko zalantzarik izan duzue?
Izan dugun zalantza bakarra, ditugun gaixotasunekin bateragarria den jakitea da. Hitzordua hartu aurretik Euskal Herriko gure medikuekin berba egin genuen. Baiezkoa eman zigutenean ez genuen zalantzarik izan. Pandemia gelditzeko modu bakarra dela uste dugu. Oso pozik gaude txertoa jaso dugulako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!