“Jendeak uste duenaren kontra, ikerlarion lana oso kreatiboa da”

Aritz Maldonado 2020ko urr. 17a, 10:00

Judit Muñoz abadiñarra doktoretza ondoko ikertzailea da BCAM Matematika Aplikatuen Euskal Zentroan. Vicent Caselles saria irabazi du aurten, eta Eusko Jaurlaritzaren beka bat ere jaso du, hiru urterako. Urtarrilean AEBetara joango da, urte birako, Texasko Unibertsitateko Austingo Oden Institute for Computational Engineering and Sciences institutura.

Zein da zure lana zehatz esanda?
Ekuazio diferentzial partzialak dira nire arloa; ekuazio horiek uhinak zelan mugitzen diren azaltzen dute. Normalean, ingeniaritzako problema errealetan ezin da jakin soluzio zehatza. Orduan, guk simulatu egiten ditugu, emaitza izan daitekeenera hurbiltzen gara. Hurbilpen horien atzean dagoen hedapen teorikoa garatzea da nire lana, gero hortik algoritmoak sortu eta ordenagailuekin simulatzeko.

Eta praktikan, zelan litzateke?
Adibide praktiko asko ipini daitezke. AEBetara noan taldekoek adibidez, hango itsas armadagaz lan egiten dute; urpeontzi baten motorragaz arazoak zituzten eta simulazioen bitartez asmatu zuten zein zen aldatu beharreko pieza, eta zein materialetakoa egitea komeni zen.

Udan sei astean egon naiz han eurekin lanean, eta gaur egun ere eurekin nabil lanean, hemendik. Urtarrilean hara joango naiz, urte birako.

Betidanik izan duzu argi ikerlaria izan gura zenuela?
Matematika txikitatik izan dut gustuko. Karrera zalantzagaz hasi nuen, eta masterra egitean ikusi nuen ikerlaria izan gura nuela. Hor konturatu nintzen asko gustatzen zaidala problemak askatzea, buruari bueltak ematea, funtsean. Jendeak uste duenaren aurka, gure lana oso kreatiboa da. Denbora guztian gauza berriak asmatzen gabiltza, imajinazio handia dugu. Erronkarik erronka gabiltza beti, eta horrek engantxatu egiten du.

Luzaro ikusten duzu zeure burua ikerkuntzaren arloan?
Bai, ikertzen jarraitzea gustatuko litzaidake. Aukera ematen dit bidaiatzeko ere, beste zientzialari batzuekin ezagutza partekatzeko.Oso zaila da 40 urteak bete aurretik estabilitate bat lortzea. Baina badu bere zentzua ere. Beste ikerlariekin partekatzen dugu gure lana, eta kongresuetara-eta joaten ez bagara, ez dugu aurrera egiten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!