“Txinan, futbola asteburuko denborapasa zen gazteentzat; Estatu Batuetan, ostera, urruti heltzeko ilusioa dute”

Anboto 2021ko urt. 31a, 10:30

Jon Muñoz (Durango, 1991) Elorrio eta Iurretako futbol klubetan prestatzaile fisiko moduan aritu zen eta harrobia lantzen duen Gertasport klubean hiru urte pasatxo eman zituen, etapa bitan. Harrobiko lanak nazioartera ere eraman du, Bartzelona klubaren bitartez. Hiru urtean Kunming hiriko (Txina) Lama Akademian ibili zen eta iazko abendutik abentura berri bat hasi du Texasen (AEB), Austingo akademian.

Zelan sortu zitzaizun Ameriketako Estatu Batuetara joateko aukera?
Txinan bizi nintzenean, Bartzelona Klubak hango Kunming hirian duen akademiako managerra ezagutu nuen. Hark Austingo managerragaz hartu-emanetan ipini ninduen eta esan nion hara joan gura nukeela, nire bikotekideagaz. Curriculuma bidali nien eta hainbat elkarrizketaren ostean euren lantaldera batzeko deitu zidaten. Iazko abenduaren 23tik nago hemen.

Zenbat gazte dituzue akademian?
500 inguru. Baina laster gehiago izango dira, beste klub bategaz lankidetza-hitzarmena sinatu dugu eta. Gure akademiako parte izango dira.

Bartzelona klubeko futbol eredua partikularra da. Kontzeptu berrietan sakondu behar izan duzu?
Posizio jokoa, erabakiak hartzea, abantailak bilatuz lerroak apurtzea, aurrerantz begira defendatzea, baloiagaz eraso egitea… Hori guztia presente dago entrenamendu bakoitzean. Bartzelonak beti erabiltzen duen jokamoldea da. Beraz, futbolera dedikatzen garenok eredu horregaz trebatuta gaude gutxi gorabehera, eta gure ibilbideko momenturen batean imitatzen ahalegindu gara. Edozelan ere, formakuntza maila handia eskatzen duen metodologia da eta hilero egiten ditugu formakuntza saioak.

Gertasporten zeundenean, Bartzelonako metodologiatik zer zenuten?
Gehiago geunden Athleticen barruan. Bartzelonako joko konbinatuak asko eragin du klub gehienetan, baina berau lantzeko modua desberdina izaten da. Gertasporten, biribil-jokoak eta baloiaren jabetza erreminta bat gehiago diren bitartean, Bartzelonaren akademian erreminta nagusia dira eta jokatzeko modu hori ulertzeko ahalmena beste edozein helbururen gainetik dago.

Zer oroitzapen utzi dizu Iurretakon eta Gertasporten emandako denborak?
Iurretakon denbora gutxi eman dut, baina gustua ematen du lantalde haregaz aritzeak eta oso eroso sentitu naiz. Gertasporten asko ikasi dut. Emaitzaren gainetik, jokalarien formakuntzari garrantzi handia ematen diote. Horretan, Bartzelonako akademiaren antzekoa da. Ez Gertasporten eta ez Bartzelonaren akademian ez dut sentitu irabazi beharreko presio hori. Ehuneko ehunean ados nago formakuntza ulertzeko modu horregaz. Asko eskertzen dut nigan ipini zuten konfiantza eta oso baloratuta sentitu nintzen.

Estatu Batuetan futbola bigarren mailako kirola izatera kondenatuta dago?
Futbola asko hazten dabil Estatu Batuetan, eta geroago eta ume gehiagori interesatzen zaio. Are gehiago, Austin Football Club talde berria da AEBetako liga nagusian [MLS, Major League Soccer] eta denboraldiari begirako abonu guztiak agortuta dituzte. Ez nuke esango futbola beste kirol nagusiei eremua jaten dabilenik, baina uste dut txoko bat egiten dabilela euren artean eta laster maila handiko jokalari estatubatuarrak eta selekzio nazional indartsua ikusiko ditugula.

Horko bizimodutik zer harritzen zaitu gehien?
Ezer gutxik, egia esanda. Pelikuletan ikusten dugunaren berdina da. Hain zuzen, beharbada horixe da gehien harritzen nauena, hau da, aurretik han egon zaren sentsazioa duzula. Aipagarria da ere mota guztietako jatetxeak daudela. Hanburgesak eta hot-dog-ak baino ez daudela pentsatzen dugu, baina ez da horrela. Kultura asko elkarregaz bizi direnez, denerik dago. Jatetxe nepaldarrak ere badaude!

Zelan dago COVID-19aren egoera Austinen?
Une honetan kasu asko daude, Euskadin baino apur bat gehiago. Dallasen, Houstonen eta beste hiri handi batzuetan egoera oraindino txarragoa da, hemengo positibo kopurua lau bider handiagoa da eta. Baina apenas dago murrizketarik: leku itxietan maskara erabili behar da eta jatetxe batzuek etxera eramateko zerbitzua eskaintzen dute bakarrik, baina besterik ez. Ez dago Euskadiko kontzientziazio mailarik. Pena da Austinen bizi dugun egoera hau, bestela oso hiri bizia delako. Tabernetan badabil jendea, baina ez dago sasoi bateko girorik eta ez gara barrura sartzera ausartzen. Oporretan egon nintzen aurreko aldetik aldaketa handia igarri dut. Lanean, ostera, koarentena egin behar izan duten lankideak ordezkatzea egokitu zait eta aurten ohikoa izango den zerbait dela iruditzen zait.

Zelan bizi izan zenuten Capitolioko liskarra?
Ez dut askorik jarraitu. Esan dezakedana da, Texas errepublikazaleen aldeko herrialdea den arren, Austin Estatu Batuetako hiririk progresistenetarikoa dela eta Trumpek ez duela hemen babes handirik.

Txinan ere egon zara entrenatzaile lanetan. Zelan gogoratzen duzu hango esperientzia?
Oso esperientzia positiboa izan zen. Eroso sentitzen zaren esparrutik irten eta Txina lako herrialde desberdin batera joateak pertsonalki asko hazteko aukera ematen dizu. Mugarri bat izan zen niretzat. Lan egiteko modu berezia dute eta mentalki zabala izatea eta autokontrol handia edukitzea eskatzen du. Hara joatea nire ibilbide profesionalean hartu dudan erabakirik onenetarikoa izan da.

Futbola desberdin bizi dute Txinan eta Estatu Batuetan?
Txinan oso onak dira kirol indibidualetan, eta ez diete garrantzi bera ematen taldekakoei. Gure akademiara etortzen ziren gehienentzat futbola asteburuko denborapasa bat zen. Hemen, Estatu Batuetan, taldeko kirolak askoz ere garrantzitsuagoak dira eta jokalariek urruti heltzeko ilusioa dute. Europako ikuspegiagaz antz handiagoa du hemengo ikuspegiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!