Badatoz, badatoz!

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 24a, 10:05

Iazko irudi bat, Abadiñon. ARTXIBOA.

Dena prest dago, maskaren azpian bada ere, irribarreak pizteko. Zailtasunak zailtasun, Gabonetako izaki mitologikoak menditik herrietara jaitsiko dira aurten ere. Durangaldeko herrietan hainbat deialdi egin dituzte Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera dela eta. Osasun bermeak zainduko dituzte guztietan.

Durangaldeko herritarrak prest daude Olentzero eta Mari Domingi errezibitzeko. Garain, esaterako, pertsonaia biek pick up batera igota bisitatuko dituzte baserri auzoak. Herritarrek etxeko atarietatik edo balkoietatik egingo diete agur bi izaki magikoei. Elorrion ere antzeko sistema bat baliatuko dute. Herritarrak Olentzerorengana eta Mari Domingirengana gerturatu beharrean, bi horiek izango dira traktore batera igota elorriarrak kalerik kale bisitatuko dituztenak.

Durangon, duela egun batzuk ekin zioten lanari. Landako Gunean atondutako espazioan, Mari Domingik eta Olentzerok bertako umeak eta familiak agurtzen ari dira banan-banan. Gelditu barik. Zornotzan ere, berdintsu. Zelaieta zentroko frontoian atondutako espazioan ume eta familia zornotzarrak kontu-kontari ari dira Gabonetako pertsonaiekin. Aurretiazko hitzordua hartuta ari dira bertaratzen. Mallabian ere arratsalde partean ekingo diote lanari. Olentzerok eta Mari Domingik herritarrak hartuko dituzte 18:00etan, frontoian. Otxandion, berriz, herriko plazan, 19:00etan, eta, 16:30etan, Abadiñoko probalekuan. Zaldibartarrak ekimen bat egitekoak dira eguerdi partean, 12:00etan, "Olentzero eta Mari Domingi herri ekimena".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!