Garaitarrek etxeko balkoitik egingo diete harrera Olentzerori eta Mari Domingiri

Ekaitz Herrera 2020ko abe. 19a, 12:00

Pick up ibiligailu batera igota, Olentzerok eta Mari Domingik Garaiko kaleak eta auzoak bisitatuko dituzte abenduaren 24an. Herritarrek etxeko ataritik edo balkoitik agurtuko dituzte biak. Eurengana ez hurreratzeko eskaria egin dute antolatzaileek. 

Garaiko Trumoitte kultura elkarteak egitarau txiki bat antolatu du Gabon hauetarako. Abenduaren 24an Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera egingo dute 15:00etatik aurrera. Gabonetako pertsonaia biak pick up ibilgailu batera igoko dira eta herriko auzoak bisitatzen ibiliko dira, musika lagun. Koronabirusa dela eta, antolatzaileek eurengana ez gerturatzeko eskaria egin diete herritarrei. "Bakoitza balkoietan edo atarietan gelditu dadin" eskatu dute.

Horrez gainera, beste ekitalditxo bat antolatu du Trumoittek. 20:30etan, Gabon gaueko afaria baino lehen, garaitarrek balkoietara irtengo dute Olentzero eta Hator, hator gabon-kantak abestera. Urte amaierari begira, Arakaldora igotzeko irteera antolatu gura du Trumoittek. Momentuz, "nola egin pentsatzen" ari dira. 

Olentzerori eta Mari Domingiri idatzi gura dienak udaletxe atarian ipinitako buzoian bota ditzake eskutitzak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!