Amankomunazgoak kudeatzen duen azpiegiturak 40 kirolarik osatzen duten talde egonkorra jasotzen du egunero denboraldian zehar. Berrizen entrenatzen duten Bizkaiko eta Arabako txirrindulariak dira, batez ere. Pista estali gabe egotea arazoa da neguan, eguraldi txarraren ondorioz ezin izaten dutelako bertan entrenatu.
Horregatik, Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak zein pistako txirrindulariek behin baino gehiagotan eskatu dute Berrizko Marino Lejarreta belodromoa estaltzeko, entrenamenduak komeni den jarraikortasunarekin egin daitezen.
Eskaera horiei erantzun guran, Amankomunazgoak pista estali ahal izateko aurrekontuak eskatu ditu, ohar batean jakinarazi dutenez. Enpresek egindako eskaintza bakoitzak hiru alternatiba barneratu beharko ditu eta ikerketa egiteko lau asteko epea dago.
Proiektu hau Durangaldea lehenengo Cycle Friendly lurraldea bihurtzeko Amankomunazgoak egin duen apustuaren barruan kokatzen da. Lankidetza publiko-pribatua duen ekimenak eskualdean bizikletaren eguneroko erabilera sendotzea, eta, aldi berean, lurraldearen garapen jasangarriagoa eta bizitzeko ohitura osasungarriagoak bultzatzea ditu helburu.