Bizikletaren eguneroko erabilera sustatzeko konpromisoa hartu dute Durangaldeko 22 eragilek

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 17a, 13:55

Amankomunazgoak proiektu berritzaile bat abiatu du Durangaldeko lantegiekin, ikastetxeekin eta udalekin elkarlanean. Bizikletaren eguneroko erabilera %0,6 izatetik %5 izatera pasatzea gura du 2023rako. Dagoeneko, 'bizikleta-lagun' ziurtagiria jaso dute 22 erakundek. Proiektua berritzailea da Europa osoan.  

Proiektu berritzaile bezain anbizioduna hasi du Amankomunazgoak: hemendik urte batzuetara Durangaldea bizikletaren erabilerarako lurralde lagunkoia izatea gura du (Bikefriendly). Horretarako harremanak hasi ditu Cycle Friendly Employer (CFE) erakundearekin. CFEk bizikletaren erabilerarekin lagunkoiak diren instituzioak eta zentroak aztertzen ditu, eta ziurtagiriak ematen ditu baldin eta markatutako helburuak eta gutxienekoak betetzen badira. Proiektuaren ezaugarri nagusia da oraingoz instituzioei eta zentroei baino ez zaizkiela ziurtagiriak ematen, eta Durangaldeak ziurtagiria lortuko balu, horrek esan gura luke lehenengo aldia litzatekeela lurralde oso bat Cycle Friendly Employer ziurtagiria jasotzen.

Proiektua gaur aurkeztu dute jendaurrean Mireia Elkoroiribe Amankomunazgoko presidenteak eta Aitzol Fernandez CFE elkarteko kideak. Iurretako Ibarretxe kultur etxean egin dute aurkezpena eta bertan egon dira eskualdeko udal ordezkarisk, enpresetako kideak eta ikastetxeetako kideak. 

"Europatik Durangaldera begira jarri dira hemen egiten dena beste herrialde batzuetara zabaldu ote daitekeen ikusteko", azaldu du Elkoroiribek. "Abiapuntuan gaude, irteera tokian, baina Cycle Friendly Employer ziurtagiria lortu gura dugu. Lurralde oso bat zertifikatzen den lehen aldia izango da".

2023ra arteko ibilbidea

Amankomunazgoak 2023a markatu du ziurtagiria lortzeko helburu modura. Bidean horretan, baina, hainbat egitasmo egingo direla aurreratu du: 30 egunean zehar lantokira bizikletan joateko erronka egitea, sentsibilizazio eta prestakuntza saioak eskaintzea eta azpiegituren finantzaketarako aukerak identifikatzea izango dira egitasmoetako batzuk

22 parte hartzaileak

Amankomunazgoak hasitako bideari 4 ikastetxe, 8 lantoki eta 10 udal batu zaizkio. Hauek dira: Abadiñoko Udala, Atxondoko Udala, Berrizko Udala, Durangoko Udala, Elorrioko Udala, Garaiko Udala, Iurretako Udala, Izurtzako Udala, Mañariko Udala eta Zaldibarko Udala. Bruss enpresa (Durango), Cafés Baqué (Iurreta), Cemosa (Atxondo), Decathlon (Durango), Euskal Trenbide Sarea (Abadiño), Katiak (Izurtza), Orbea (Mallabia) eta Pierburg (Abadiño). Ibaizabal ikastola (Durango), Iurreta Lanbide Heziketa Ikastetxea (Iurreta), Maristak ikastetxea (Durango) eta IK4 – Azterlan (Durango)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!