“Gastu bat baino, Berrizen dagoen belodromoa estaltzea inbertsio bat izan daiteke"

Joseba Derteano 2019ko ots. 15a, 09:00
Argazkia: Lehior Elorriaga

Eustrak taldeko Ana Usabiaga, Irene Usabiaga, Illart Zuazubiskar eta Ziortza Isasi goi mailan dabiltzan pistako txirrindulariak dira eta munduko onenekin lehiatzen dira. Markel Rodriguez Duranguesa taldean dabilen promesa gaztea da. Berrizko belodromoan batu dira bostak, baina ez entrenatzeko, sarritan zergatik ezin diren entrenatu kontatzeko baino. Oraintsu, Bizkaiko Federazioak mahai gainean jarri du euren egoera, eta sinadura bilketa abiatu du belodromoa estaltzeko eskatuz. Izan ere, zorua busti edo umel dagoenean txirrindulariak ezin dira pistara irten, arriskutsu dagoelako. Eta neguan askotan gertatzen den kasua da.

Neguan izaten da pistako denboraldia, zorua bustita egoteko probabilitaterik handiena dagoenean.
Illart Zuazubiskar: Nazioarteko datak urte osoan dira, baina hitzordurik garrantzitsuenak, munduko kopa zein txapelketa, neguan izaten dira. Urrian hasi eta otsailera bitartean, inguru horretan.
Ana Usabiaga: Entrenamendu espezifikoren bat egin gura baduzu, belodromoa lehor egon behar da. Euria egiten duenean, ezinezkoa da entrenatzea.
I.Z.: Neguan, kontua ez da euria egitea edo ez egitea bakarrik. Gauean hotz egin badu eta zorua umel badago, alferrik da. Bihurgune bat lehortuko da beharbada, baina itzala dagoen beste alde hori, ez. Neguan, egunen %90ean belodromoa bustita egoten da. Zeozer entrenatu daiteke, baina ez munduko kopako hitzordu batek eskatzen duen adina.
Ziortza Isasi: Gainera, udazkena heltzen denean, irailetik aurrera, ondoko zuhaitzetako hostoak pistara jausten hasten dira. Orduan, erratza hartu, ez labantzeko ortozik jarri, bihurguneko goragunera igo eta garbitzen aritzen gara. Iaz, bizikletan nenbilela, orbela zapaldu eta jausi egin nintzen. Baina ez zait niri bakarrik gertatu; bat baino gehiago jausi da belodromoan, busti edo umel zegoelako.

Horrek entrenamenduen planifikazioa zailtzen du?
I.Z.: Bai. Normalean, pertsona bat bertaratzen da, belodromoa zelan dagoen ikusteko. Edozelan ere, entrenamendu espezifikoak ditugunok ezin gara egon egunero belodromoaren egoeraren zain.
A.U.: Errepidean entrenamendu alternatiboak egitea geratzen zaigu. Belodromoan ezin bada, beste irtenbideren bat bilatu beharra dago. Ezin gaitezke entrenatu barik geratu. Errepideak bere mugak ditu, baina serie mota batzuk egiteko aukera eskaintzen du.
Irene Usabiaga: Belodromoan egin ohi ditugun serie bakoitzaren denborak eta intentsitate mailak kalkulatu eta errepidean horiek kontuan hartuta ibiltzen gara, baina ez da berdina.

Markel, zu zelan aritzen zara?
Markel Rodriguez: Antzera. Oraintsu, esaterako, pistako Espainiako kopako proba batean aritu naiz eta ezin izan ditut gura nituen entrenamendu denak egin. Gure esku ez dagoen muga bat da.

Horrek guztiak desanimoa eragiten dizue?
A.U.: Apur bat desesperagarria da.
I.Z.: Ni aurten sarritan joan naiz Donostiako belodromora, baina ez da berdin entrenatzen. Hemen, Berrizen, belodromoa geuretzat da esklusiboki, eta Markelegaz edo beste gazteekin kointziditzen badugu, badakite guk daukagula lehentasuna eta gure eskakizunetara moldatzen dira. Baina Donostian ez da hori gertatzen.

Berrizen ezin denean, Donostiako belodromoa da alternatiba?
A.U.: Tafallakoa ere hor dago.
I.Z.: Nik uste dut hemen gauden denok gurago dugula Tafallako belodromoa. Baina ordu bi behar dira hara joateko. Eta beste bi handik bueltatzeko.

Eta, Donostian, Anoetako belodromoa zelako alternatiba da?
I.Z.: Aurten egon naizen baten, Frantziako 30 bat txirrindulari zebiltzan entrenatzen, eta aldatu egin behar izan nuen entrenamendua. Eurek ere berdin ordaindu zuten sarrera, eta, azkenean, beste erremediorik ez eta egoera horretara moldatu behar izan nuen. Horrez gain, arratsaldeko ordu batzuetan Gipuzkoako Federaziokoak ibili daitezke bakarrik.
A.U.: Tafallan ez da arazo hori egoten. Jende gutxi ibiltzen da. Baina urrun dagoela da kontua.
I.U.: Donostiakoan dagoen beste traba bat da ekitaldiak eta kontzertuak egoten direla. Bertaraino joan eta itxita aurkitu dugu inoiz!
A.U.: Zinemaldia badago, astebete itxita; Realeko bazkideen batzarra badago, beste astebete itxita; eta antzerakoak.
I.Z.: Niri honako hau ere gertatu izan zait aurten: belodromora deitu zabalik dagoen jakiteko, baietz erantzun, bertaratu eta, bai, belodromoa zabalik aurkitu dut, baina pista bera itxita. Eta ikasten duzu espezifikoki galdetu behar dela pista zabalik dagoen ala ez.

Eustrak taldeagaz munduko onenen kontra lehiatzen zarete. Aurkariekin alderatuta, desabantailan zaudetela sentitzen duzue?
U.Z.: Herrialde bakoitzak bere errealitatea du. Badira talde eta selekzio batzuk oso indartsuak direnak, baliabide asko dituztenak, eta dena behar da euren mailara heltzeko. Beste herrialde batzuetan, euren kontuak dituzte.

Berrizko belodromoa estaltzeak zer onura ekarri ditzake?
I.U.: Azpiegitura estali batek mota askotako onurak ekarri ditzake. Ez pistan gabiltzan ziklistentzat bakarrik.
A.U.: Esaterako, zikloturistentzat ere bai. Negua denean edo eguraldiak laguntzen ez duenean, zikloturistak belodromora joaten dira. Donostiara bai behintzat. Belodromoa alternatiba bat izaten da eurentzat. Hemen inguruan, txirrindularitzarako afizio handia dago eta eurentzat ere erabilgarria izango litzateke.
I.U.: Beste toki batzuetan ikusten da kirol ekitaldiak edo bestelakoak antolatzeko erabili daitekeela horrelako azpiegitura bat, estalita badago. Ez du zertan izan pistako txirrindularitzara begirako zerbait. Beste mota bateko etekina ere atera dakioke.
A.U.: Guretzat onura litzateke, jakina. Begira, Eustrak goi mailako taldea da eta bertako txirrindulariek munduko txapelketarik garrantzitsuenetan parte hartzen dute. Besteak beste, Leire Olaberria, Tania Calvo eta Hodei Mazkiaran txirrindulariak aritu izan dira talde honetan. Baina, sarritan, pistako lorpenek ez dute merezi zuten bisibilitaterik eduki. Jendeak ez ditu pistako txirrindulariak ezagutzen, nahiz eta maila gorenean ibili. Bestalde, azpiegitura aproposak ez izateak zaildu egiten du gazteak pistara erakartzea. Ahalegin bateratu bategaz askoren onura lortu daitekeela uste dugu. Gastu bat baino, belodromoa estaltzea inbertsio moduan ikusi daiteke.

Errepideko lasterketetan ere ibiltzen zarete. Pistan ikasitakoa baliagarria zaizue?
A.U.: Bai, balio du. Hainbat alderditan, gainera.
I.Z.: Errepidean, askotan, txirrindulariak elkarren ondoan joaten dira, elkarrengandik oso gertu, eta erorikoen edo ezusteko egoeren aurrean erreakzionatzeko abilidadea irabazi dudala konturatu naiz. Hori pistan egindako lanari esker da. Bat-bateko egoera horiek gertatzen direnean, segituan konturatzen zara nor den pistan ibilitakoa eta nor ez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!