#0km

Teknikariok sindikatua jaio da, "ikuskizunetan oihalaren atzealdean eta beltzez jantzita daudenak kontuan hartzeko"

Aritz Maldonado 2020ko eka. 19a, 13:00

Normaltasun berria heltzear den egunotan, "abandonatuta" geratu den sektore batek indarrak batu ditu. Hain zuzen ere, ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek Teknikariok sindikatua sortu dute. Kultura emanaldi guztiak bertan behera geratu dira orain gutxira arte, eta formatu berriak (sare bidezko kontzertuak, formatu txikiko ikuskizun publikoak...) agertzen hasi diren arren, kulturari eusten dion industriaren etorkizuna lauso ageri da.

Kontzertuari soinua ipintzeaz, oholtza muntatzeaz, furgoneta gidatzeaz, merchandisinga saltzeaz eta halako lanak egiteaz arduratzen dira teknikariak. Fokuen argietatik kanpora geratzen diren lanak dira, baina beharrezkoak. "Lanpostu asko dago oihalaren atzean, soinu, argi, backline, ekoizpen eta abarren arduradunenak, eta guztiak dira beharrezkoak kultura sortu eta kontsumitu ahal izateko", dio Ander Berasaluze soinu teknikari durangarrak.

"Biluzik geratu gara"
Sektoreak aspalditik ezagutu duen prekarizazioa "are ageriago" utzi du osasun larrialdiak. "Egoera zaila da sektore guztietan, hori ulertzen dugu, baina gainerakoentzat plan bat dagoela ikusten dugu. Gure kasuan, ez dakigu noiz bueltatuko garen berriro kontzertu normalak egitera", gehitu du Iñaki Larrañaga elorriarrak; besteak beste, ekoizpen eta management lanak egiteaz arduratzen da Larrañaga. "Iaz 105 kontzertutan lan egin nuen; aurten 25ean lan egiten badut, pozik geratuko naiz", esan du. Kulturako diru-laguntzak banatzean, teknikariak ere kontuan hartzea eskatzen dute, besteak beste. "Inork ezin du ezer programatu, taldeek ez dute kontzerturik joko, eta ez dago aurreikuspenik. Mauka kultur ekoizpen bulegoak ehunka bolo mugitu ditzake urtean zehar, eta orain ez du ezer esku artean". Larrañagaren esanetan, egoera berriak dardarka utzi du sektorea: "Dena hankaz gora utzi du, baita taldeen biziraupena bera ere. Askok urteotan bildutako diruagaz eginiko inbertsioak bertan behera geratu dira". Talde batzuk AEBetara, Mexikora edo Japoniara joatekoak ziren, adibidez. Aurrera begira, kultura "serio hartu ezean", sektorea kinka larrian egongo dela aurreikusten dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!