Zelan eragin dizu COVID-19aren agerpenak?
Martxoan 20 antzerki saio nituen Gorakada konpainiagaz, apirilean beste dozena bat inguru, eta Shinova taldeagaz ere kontzertuak nituen aretoetan. Udari begira, hainbat jaialditan egotekoa nintzen; apirilean konturatu ginen ezinezkoa izango zela horiek egitea. Hasieran ez nuen sinesten, eta nahiko izorratuta egon nintzen, egoera berria asimilatzen. Orain, badakigu horrela izango dela denbora batez. Nire inguruko asko baino hobeto nago, antzerkia ere egiten dudalako urtean zehar. Udan lan egiten duen jendearen egoera larriagoa da.
Nøgenegaz Internet bidezko kontzertua eduki zenuen joan den astean.
Hilabete osoan egingo dudan kontzertu bakarra da. Iheskide taldeagaz antzeko beste bat egin nuen. Hile bitan kontzertu bi, talde horiek iniziatiba horietan parte hartu gura izan dutelako. Zorteduna naiz, beraz. Gogoa asetzeko balio izan zuen, baina arraroa izan zen, maskara ipinita lan egin behar izan genuelako, besteak beste. Ikasteko balio izan du. Lehenengo aldia izan da soinua entzungailuetarako eta telebista edo internet bitartez jarraitzeko nahastu behar izan dudana. Beraz, baliagarria izan da trebatzeko. Uste dut horrelako formatuek jarraituko dutela, eta, beraz, ondo etorriko zait. Dena dela, niri gustatzen zaidana zuzenekoak dira.