Zelan eragin dizu COVID-19aren agerpenak?
Otsailean pare bat kongresu bertan behera geratu ziren, eta martxoan jada ikusi genuen urte osoko lan asko bertan behera geratzen hasi zirela. Egoera honek galdera asko sortu dizkit, ez dakigulako noiz bueltatuko garen aurretik genuen lan karga izatera, sektorea martxan ipini arren oraindino ez dagoelako ia lanik. Alde "positiboa" ere atera diot, industria oso bizkor doa eta ordu asko igaro ditut eguneratzen eta ikasten.
Urte polita zetorren, orokorrean; baita uda ere. Udako festibal askotan lan egitekoa nintzen: Azkena Rocken, BBK Liven, Donostiako Jazzaldian, Gasteizko jaietan, Donostiakoetan, Bilbokoetan... Shinova taldeagaz estatuko pare bat festibaletara joatekoa nintzen monitore teknikari lanetan.
Zelan irudikatzen duzu etorkizuna?
Apurka-apurka dena normaltasunera bueltatzea espero dut, berriro denok lanean hastea, askok ezingo dutelako diru sarrerarik barik askoz gehiago iraun. Egungo diru-laguntzak minimoak dira eta teknikari asko autonomoak gara. Orain arte teknikari lez aritutako batzuk beste sektore batean lan egitera behartu ditu egoerak. Egoera luzatzen bada, eta laguntzarik ez badago, ikus-entzunezkoen sektorea orain arte baino egoera larriagoan geratuko da.