#0km

Koarentenaren ondoren, bizikleta zaharrak konpondu eta berriro pedalei eragitea erabaki du jende askok

Joseba Derteano 2020ko eka. 5a, 10:05

Itxialdiaren osteko deseskalatze  prozesuan, nabarmen hazi da bizikleta erabiltzaileen kopurua. Eskualdeko bizikleta dendak bisitatzea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Biltegiak konpondu beharreko bizikletez beteta, galtzak bete lan dute. Bizikleta elkarteetako ordezkariak harrituta daude, baina itxaropentsu fenomeno berriaren aurrean, eta euren buruari galdetzen diote mugikortasun eredu jasangarriago baterako beste pausotxo baten atarian ote gauden ala gaseosa efektua besterik ez ote den. 

Itxialdi-ostea trastelekuan zeukaten bizikletari hautsa kentzeko une aproposa dela iritzi diote askok. Orain hilabete denda zabaldu zutenetik, bizikletak konpontzeko eskaria bikoiztu egin zaie Traña-Matienako Elorriaga dendan. Beste hainbeste gertatzen zaio Iurretako Undarri Bike&Snow dendari ere. Telefonoari erantzuten eman zituen deseskalatze faseko lehenengo egunak. Durangoko hainbat bizikleta dendek ere lanez lepo dabiltzala baieztatu diote ANBOTOri.

Elorrioko Txirrindulari Elkarteko presidentea den Joseba Gorostiza berehala jabetu zen fenomenoaz. "Elorrion bizikletan ibili ohi garenok elkar ezagutzen dugu, eta hasierako egunetan hauxe komentatzen genuen geure artean: 'Baina zenbat jende dabil bizikletan!'. Ohiko kopuruaren bikoitza bai, gutxienez. Nik ez dut horrelakorik sekula ikusi", dio.

Arrazoiak

Baina, zergaitik hazkunde hori? Sigi-sagan zikloturista elkarteko Patxi Torregrosaren ustez, askok "abagune bat aprobetxatzeko aukera" ikusi dute. "Konfinamenduko neurriak apur bat leundu zituztenean, ez zegoen beste aukera handirik, eta gordeta zituzten bizikletak atera zituzten kalera irten ahal izateko. Arrazoi horixe okurritzen zait", esan du. Gorostizaren ustez, taldekako kirolak bertan behera geratu diren honetan, "korrika egitea, oinez ibiltzea edo bizikleta hartzea" ikusten ditu kirola egiteko alternatiba nagusiak. "Lehenago bizikletan ibili izan den eta berriro probatzea erabaki duen jendea da asko", uste du. Korrika egitea ala bizikleta hartzea alderatuta, Ziortza Isasi txirrindulariak bigarren aukerari ikusten dizkio abantailak: "Mundu guztiari ez zaio korrika egitea gustatzen, eta, gainera, denentzat ez da egokia: artikulazioek eta muskuluek gehiago sufritzen dute". 

Bizikleta motei dagokienez, mendikoak dira nagusi. "Ez da harritzekoa", Gorostizaren iritziz, mendiko bizikletak "zoru mota denetarako aproposak" direlako. "Berdin balio dute mendira joateko zein herrian ibiltzeko", gaineratu du. 

Aurrera begira 

Denboran iraungo duen joera da ala egun bateko lorea? Torregrosaren ustez, oraindino goiz da ondorioak ateratzeko: "Itxaron eta ikusi egin beharko dugu erabateko normaltasunera bueltatzen garenean zer gertatzen den. Orduan ikusiko dugu benetako errealitatea zein den". Hala ere, ikuspegi positibotik baloratu du egoera. "Bizikleta hartzea erabaki duten ehun pertsonatik hogeiren batek ohiturari eusten badiote, bada, horixe irabazten irtengo dugu", adierazi du. Gorostizak ere gogoeta berdintsua egin du: "Ikusi egin beharko da zer gertatzen den, baina jendeari bizikletan ibiltzea gustatzen zaiola ikusi dugu behintzat, eta alternatiba moduan ikusten dutela". 

Bidegorri sarea

Mugikortasun mota horri bultzadatxo bat emateko unea izan daitekeela uste du Gorostizak, eta bide horretan urratsak ematera animatu ditu bai erakundeak eta baita norbanakoak ere. "Geugandik hasita, kontzientziazio edo mentalitate puntutxo bat falta zaigu oraindino. Mendira joateko ez ezik, bizikleta herrian mugitzeko ere garraiobide egokia dela barneratu behar dugu", esan du. Hala ere, itxaropentsu egoteko zantzuak ikusten ditu. "Iruditzen zait geroago eta jende gehiago dabilela bizikletan. Erosketak egiteko orduan ere, geroago eta gehiago ikusten ditut otzaradun bizikletak. Tira, bide onetik goazela deritzot", adierazi du. 

Erakundeei bidegorri sareak "indartzeko" eskatu die, herriak lotzen dituzten bidegorriak, batez ere. "Leku askotan, zatika daude bidegorriak; hemen zati bat, han beste bat. Denei kohesio bat emango dien sarea falta da", adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!