Zelakoak izan dira denda zabaldu osteko lehenengo egunak eta asteak?
Hasieran hitzorduak ematen hasi ginen, baina, denboragaz, beharrizanetara egokitu behar izan dugu. Orain ordutegi jarraiagaz gabiltza lanean, eskari denei erantzun ahal izateko. Hitzorduaren sistemagaz ezinezkoa da denera heltzea. Egoera normal bategaz alderatuta, bizikleta kopuru bikoitza dugu gaur egun biltegian.
Zure ustez, zerk eragin du eskari kopurua horrenbeste handitzea?
Luzaroan etxean egon eta gero, jendea aire libreko kirola egiteko gogoz dago eta bizikleta modu erraza da horretarako.
Zein bizikleta mota ekartzen dizute gehien?
Mendiko bizikletak, beste ezer baino gehiago. Hasieran herritik herrirako mugikortasuna mugatuta zegoen eta jende pilaketak gertatzen ziren. Hori ikusita, jendeak bere herriko mendietara joko zuen beharbada, espazio zabalagoen bila, eta mendiko bizikleta da aproposena horretarako. Edozelan ere, mendiko bizikletak denerako balio du, mendian zein herrian ibiltzeko. Esaterako, egunotan guraso asko ikusten da euren seme-alabekin herri barruan bizikletan ibiltzen.
Bizikleta mota kuriosoak ekarriko zizkizuten.
Garaje edo trastelekuetan urte askoan egondakoak dira asko. Esaterako, ekarritako bizikleta batek 40 bat urte ditu. Lehenengoetariko mendi bizikleta izango da. Batzuetan, bizikleta zaharrak eraberritzea erronka handia izaten da, kasu askotan ez direlako egiten bizikleta horiek behar dituzten ordezko piezak. Konponketa bereziak dira eta ikasi egiten da.
Zer komentatzen dute bizikleten jabeek?
Etxean hainbeste denbora eman eta gero, naturagaz gozatzeko gogoa dutela, eta urte askoan bizikletan ibili barik egon eta gero, aspaldiko sentsazioak berreskuratzen ari direla berriro. Azkenean, naturagaz gozatzeko aukera eskaintzen du.