Abadiñon eta Elorrion ordutegi murrizketa barik irten ahalko dira kalera bihartik aurrera

Anboto 2020ko mai. 17a, 17:18

Pedro Sanchezek autonomia erkidegoetako presidenteei gaurko bileran aurreratu die neurria. Madrilgo Gobernuak kendu egingo ditu herritarrei kalera ateratzeko ordutegiak 10.000 biztanletik beherako herrietan.

Neurri horrek Abadiñori eta Elorriori eragiten die Durangaldean. Beraz, bihartik aurrera eskualdeko herri bitan jarraituko dute indarrean ordutegi murriztuek: Durangon eta Zornotzan.

Ordutegi murriztuak maiatzaren 2an ezarri zituzten, konfinamendutik apurka-apurka irteteko, eta 5.000 biztanletik gorako herri eta hirietan daude indarrean bihar arte.

Abadiñoko Udalak ohar bat kaleratu du sare sozialetan neurria jakin ostean. "Abadiñarrak kirola egitera irten ahal izango dira beren udal-mugartean, eta ordubetez paseatzera, orain arte ezarritako ordutegiak bete behar izan gabe. Eguneko une jakin batzuk gorde egingo dira adinaren arabera, 70 urtetik gorakoentzat lekua erreserbatzeko edo 14 urtetik beherako haurrekin irteerak egiteko", adierazi dute udal ordezkariek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!