Kepa Junkerak kontzertua eskainiko du Durangaldeko azken sorginen askapena gogoratzeko ekitaldietan

Markel Onaindia 2018ko urr. 16a, 13:31
Zigortutako emakumeen omenezko irudia estreinatu dute Gerediagako foru zelaian.

400 urte bete dira sorginkeriagatik Durangaldean zigortutako azken emakumeak Astolako kartzelatik askatu zituztenetik, eta gertaera hura oroitzeko ekitaldiak prestatu dituzte bariku honetarako. Kepa Junkera eta Sorginak taldearen emanaldiaren aurretik, Belen Bengoetxea eta Jon Irazabalen berbaldia egongo da. 19:00etan hasiko dira, Gerediagako foru zelaian.

Gerediaga elkarteak eta Aldundiak antolatzen dituzten Ondare Jardunaldien barruko ekintzak dira barikukoak, eta eskualdeko zenbait alkatek eta Aitor Lopez Amankomunazgoko presidenteak ere babestu dituzte prentsaurrekoan. Hain zuzen, berezko sinbologia du alkateen partaidetzak. Izan ere, ekainaren 9ko Merinalde Egunean barkamena eskatu zuten duela 400 urte sorginkeriagatik ezarri ziren zigorrengatik. 1617an, urteetako inkisizioaren ostean, Durangaldean sorginkeria egotearen teoria gezurtatu zuen Elizak. Baina, alkateek errepresioagaz jarraitzea erabaki zuten, 1618an azken emakumeak askatu zituzten arte.

Manifestua islatzeko irudia
Ekaineko manifestuari forma emateko, irudi bat jarri dute Gerediagako zelaian, orduko emakume baten itxura duen silueta. "Berdintasuna eta pentsamendu askatasuna aldarrikatzen dituen irudia" izan gura du, Arantza Atutxa Gerediaga elkarteko kudeatzailearen esanetan.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak esan du emakume haiek ikusgarri egitea dela ekintzen helburua, euren izenik ere ez baitakite. Iritzi askatasunerako eskubidea defendatu du, eta "gizarteak kritiko izateko gaitasuna edukitzea ona" dela ere uste du. Besteak beste, emakumeak itzalean geratzearen beste adibide bat lez, aipatu du Erdi Aroan Bizkaiko agintari izan ziren sei andreren argazkirik ez dagoela Gernikako batzar etxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!