“XV. mendean 70 herritar baino gehiago erre zituzten Durangon, heresia leporatuta”

Markel Onaindia 2018ko eka. 15a, 09:22
Iñaki Bazan Diaz EHUko Historia irakaslea

Elizak eta agintari publikoek gidatutako inkisizioak gogor zigortu zuen disidentzia XV. eta XVII. mendeen artean. Euskal Herrian, Durangaldea izan zen sorgin ehiza indarrez zabaldu zen lurraldeetako bat, eta pertsona asko kartzelaratu eta erre zituzten, edo elizatik kanporatu eta gizartearen aurrean markatu. Nabarmentzekoa da gehienak emakumeak zirela. Baina, zergatik? Zer zegoen inkisizioaren atzean? Benetakoa al zen sorginkeria? Durangoko heretikoen eta Anbotoko sorginen inguruko ikerketak garatu ditu Iñaki Bazan Diazek (Lekeitio, 1962); historia irakaslea izateaz aparte, Durangoko Krimenaren Historia Zentroko zuzendaria da.

Zapatuko ekitaldian azaldu zenez, Durangaldeko alkateek ez zuten sinetsi Alonso Salazar Frias inkisidorearen bertsioa. Elizaren eta agintarien inkisizioari kritikoak sortu zitzaizkion, barnean ere bai.
Inkisizioa mahai misto bat zen. Alde batetik, eliza zegoen, eta bestetik, agintari publikoak; kasu honetan, Gaztelako koroa. Garai hartako testuingurua sinesmena zen. Apurka-apurka, gero eta jende gehiago esaten hasi zen sorginkeriarena ezinezkoa zela. Salazar Friasek Zugarramurdiko mahaian esan zuen arraroa iruditu zitzaiola eta akaso ez zela egia izango. Hori esateagatik prozesu bat jaso eta espetxeratuta egon zen. Epailea zen, baina ia-ia sorginen abokatu lez amaitu zuen. Hortik aurrera, kasik ez zen egon sorginkeriari buruzko prozesurik. Sorgin ehiza XV. mendean hasi zen, eta bere une garrantzitsuena XVI. eta XVII. mende artean egon zen, hori izan zen unerik kritikoena. Batez ere Europako estatu protestanteak izan ziren gogorrak sorginkeriagaz. Zugarramurdira ere Bordeleko [Frantzia] parlamentutik etorri zen gaia; han prozesu bat zabaldu eta jendeak Nafarroara ihes egin zuen.

Zure ikerketen arabera, Durangoko heretikoen auzian 70 pertsona erre zituzten XV. mendean.
Bai. 100 bat herritar egon ziren auzipetuta, eta 70 baino gehiago erre zituzten, heresia leporatuta. Zigor orokorra eskumikatzea edo elizatik ateratzea zen; ezin ziren mezara joan, ezin zuten jaunartzea egin, ezin ziren hilerrian sartu... Kristau batentzat, kasik heriotza zen hori. Gero, batzuentzat barkamena etorri zen. Baina berdin pentsatzen jarraitu zutenak erre egin zituzten. Durangon 12 inguru, eta besteak Santo Domingo de la Calzadara eta Valladolidera [Espainia] eraman zituzten. Durangon, Kurutziagako kurutzean erre zituztela uste da. Abadeak sermoia botatzen zuen zigortuaren erruari buruz, eta zeremonia publiko horretan herritar guztiak egotera derrigortuta zeuden. Hauxe zen mezua: horrelako jarrera edukiz gero, begira zer gertatu ahal zaizun. Jende guztiaren aurrean ematen zion sua borrero batek.

Durangon ezarri zuten inkisizioaren Euskal Herriko lehen auzitegia.
Gaztelan 1478an sortu zen auzitegia, eta Durangon 1499an ezarri zuten. Gauza arraro asko ikusi zituzten Kalagurriko auzitegitik, eta Durangon ere eraikitzea erabaki zuten. Frias lizentziatua eta Arriaga maisua ziren inkisidoreak. Langile guztien izenak ere badauzkat. Abizen guztiak hemengoak ziren.

Gero, Anbotoko sorginen auzia etorri zen, hori ere garrantzitsua.
XVI. mende hasieran, 1507. urte inguruan, 23 pertsona epaitu zituen inkisizio tribunalak. 17ri heriotza zigorra ezarri zieten; hauetatik 7 hilda zeuden jada sententzia ateratzean, eta hilobitik atera eta erre egin zituzten. Zeruan arima eta gorpua berriro batuko zirela uste zuten, eta horregatik, erreta, gorpurik barik infernuan betiko geratuko zela esaten zen. Beste seiek akatsa onartu zuten, eta sanbenitoa ipini zieten, egunero soinean eraman behar zuten arropa berezia. Betiko markatzen zituzten gizartearen aurrean. 1507tik aurrera ere gertatu ziren prozesuak, baina kasu solteak izan ziren, gehiago aztiekin edo belagileekin lotutakoak.

Zure ikerketan, Durangoko heretikoak eta Anbotoko sorginak bereizten dituzu. Zergatik?
Ez zegoen erlaziorik Durangoko heretikoen eta Anbotoko sorginen artean. Heretikoak 1442 bueltan zigortu zituzten, eta sorginak 1507 inguruan. Heretikoen liderrak frantziskotarrak ziren, eta Eliza eraldatzea gura zuten, gero Luterok egin zuen lez. Durangon ere horrelako mugimendu bat egon zen. Etxe bat eraiki zuten emakume alargunak eta txiroak jasotzeko, eta frantziskotarren arauak onartu zituzten. Mella eta abar ziren liderrak, eta euren ideiak zabaltzeko aprobetxatu zuten. Sorginak, bestalde, elizaren kanpo zeuden ideologia aldetik. Elizaren ustez, deabruaren aldekoak ziren. Berez, txiroak edo zorigaitzean eroriak ziren gehienak, emaginak, euren senideak... Ihes egin zuten. Euren aitorpenak torturen bidez lortzen zituzten inkisidoreek.

Deabrua gurtzen zutela, botereei esker jendeari kaltea eragiten ziotela, hegan egiten zutela... Gauza asko leporatzen zizkieten sorginei.
Erdi Aroa atzeratuta zegoen zientziaren ikuspegitik. Anbotora begiratu eta lainotuta zegoela tximista jausten ikusten bazenuen, ez zeneukan horretarako erantzunik. Seguraski Jaungoikoaren zigor bat izango zela uste zuten. Anbotoko Marik trumoiak sortzeko boterea zuela uste zen. Lurrak berarengandik babesteko, nekazariek akerbeltzak zituzten. Gauzak nahasten ziren. Seme bat gaixorik eduki eta petrikiloa etortzean etxera, hiltzen bazen, errua hari botatzen zioten. Deabruagaz tratu bat zuela umearen arima hari eramateko... Dena zen gezurra, baita akelarreak ere. Petrikiloen nahaski batzuek belladona belar haluzinogenoa zuten, eta hori hartuta, batzuek esaten zuten deabrua ikusi zutela edo hegan egiten zutela. Gero inkisidorea agertzen zen herrian eta auzokideek salatu egiten zituzten.

Jarraitu eta zigortuetako gehienak emakumeak ziren. Zure ustez, zergatik gertatu zen hori?
Garai hartako misoginiagatik. Paradisua zergatik galdu genuen? Evagatik. Hortik aurrera, emakumeek erru hori eraman dute motxilan. Erdi Aroan, elizak hori aipatzen jarraitzen zuen; Adani sagar bat eman ziola, sinbolo bat zela, eta benetako arazoa sexua zela. Arima galtzen zela, eta gure jarrera oso zintzoa izan behar zela esaten zuten. Emakumea beti gizona zirikatzen zebilela, sexua edukitzeko. Eta nork pizten zuen sexu gogoa? Deabruak. Emakumearen eta deabruaren lotura hortik zetorren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!