Ordezkari politikoek barkamena eskatu dute duela 400 urte ezarritako sorginkeria zigorrengatik

Jone Guenetxea 2018ko eka. 9a, 14:27

1618ean, Astolako kartzelan sorginkeriaz salatuta zeuden azken emakumeak askatu zituzten. Orain dela 400 urte ezarritako sorginkeria zigorrak gogoratu ekarri gura izan ditu Gerediaga elkarteak, gaur goizean,  Merinalde Egunean. Gerediagako foru zelaian izan den ekitaldian Durangaldeko, Batzar Nagusietako eta Amankomunazgoko  ordezkari politikoek barkamen-eskari publikoa jasotzen duen manifestua sinatu dute. 

Gerediaga Elkarteak duela 400 urteko sorginkeria-zigorrak gogoratu eta barkamen-eskari
pubikoa egiteko aprobetxatu du aurtengo Merinalde Eguna. Elizak onartuta zeukan Alonso de Salazar y Frias inkisidoreak Zugarramurdiko epaiketaren ostean egindako txostena eta sorginekeria gizarte ez jakintsu baten mito, bildur eta antzeko egoeren ondorioa zela aitortu zuen. Hala ere, Durangoko Merinaldeko agintariek ez zituzten elizaren korronte berriak jarraitu eta gizarteko uniformetasun sozial, politiko eta erlijiosotik kanpo zeudenak zigortzen jarraitu zuten. Azpimarratzekoa da, 1617. urteko irailaren 3an, Durangoko Merinaldeko fidelek (alkateek), Gerediagako Batzarretan bilduta, sorginen kontrako neurriak hartu behar zirela erabakitzea. Baina 1618ean, Astolako kartzelan sorginkeriaz salatuta zeuden azken emakumeak askatu zituzten. 400 urte beranduago Durangaldeko alkateek barkamen-eskari publikoa jasotzen duen manifestua sinatu dute. 

Dantzariekin hasi eta amaitu da Merinalde Eguna. Sarreran Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldeak Jaurrieta dantzarekin hasi du ekitaldia. Felix Arkarazo durangarrak gidatuko duen ekitaldian, Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak, Aitor Lopez Amankomunazgoko presidenteak eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak hartu dute hitza. Berdintasuna eta pentsamendu askatasuna aldarrikatuz manifestua irakurri dute Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkateak eta Igor Agirre Mallabiko alkateak.

Amaitzeko, Durangaldeko dantza taldeetako kideek emakumezkoen soka-dantza dantzatu dute. Ordezkari politikoak ere sokan dantzatzera atera dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!