Airearen kalitatearen inguruko eztabaida berriro ere Durangoko bilkurara heldu zen atzo, Herriaren Eskubidearen eskutik. Mozioan Eusko jaurlaritzari bideratutako hainbat eskaera zeuden: eskualdean neurgailu gehiago jartzea, neurketa balioak OMEk ezarritako balioetara murriztea, herritarrak neurketez uneoro informatzea eta herritarrak babesteko protokolo bat diseinatzea.
EAJ eta PSE-EEren gobernu taldeak 2007tik hona udalak airea hobetzeko egindako lana nabarmendu zuten, eta norabide horretan jarraituko dutela. Ekintza plan bategaz, besteak beste, azterketak eta trafikoa hobetzeko neurriak garatu dituzte ordutik. Bestalde, Eusko Jaurlaritzari barik, Amankomunazgoari bideratu zizkioten eskakizunak. Durangalde mailako ikerketaren beharra argudiatzeko, esan zuten prebentzio legearen baitako 23 enpresetatik 4 soilik direla Durangokoak (Fumbarri, Funsan, Jesus Oñate y Hnos. eta Montorreta). Hain zuzen ere, Amankomunazgoak iragarrita dauka ikerketa bat egingo duela, duela urte batzuk egin lez.