Berak zuzendu du estatuan 2016an egindako ikerketa. Durangaldeko datuak ere aztertu ditu ikerketarako, eta hemen PM2,5 partikulekin dagoen arriskuaz ohartarazi du. Gainera, euskal Autonomia Erkidegoan neurketa sistemaren kalitatea eskasa izan dela salatu du txostenean; 18 neurgailutik 11k datu bilketa portzentaje baxuak eduki zituzten iaz.
Eusko Jaurlaritzak eta Durangoko Udalak diote eskualdeko airea ona dela. Baina, PM2,5 eta PM10 partikulekin OMEren mugak gainditu dira azken urteetan.
Mendi artean sartutako bailara bat da zuena, kutsaduraren dispertsioa zailtzen duena. Azken urteetan muga legalak bete diren arren, Osasunerako Mundu Erakundeak aholkatutako PM2,5 partikulen mugak gainditzen ari dira bertan. Osasunerako arriskutsuenak dira. Europako Ingurumen Agentziaren arabera, 2013an 24.000 heriotza goiztiar eragin zituzten estatu espainiarrean. Trafikoaz aparte, badirudi zuen zonalde horretan aktibitate industrialak zerikusia duela, galdategi ugari daudelako. 2007an, Eusko Jaurlaritzak Durangaldeko airea hobetzeko plan bat aurkeztu zuen, baina 10 urte pasatu dira, eta ez da egon aurrerapauso nabarmenik. Industriagaz zorrotzagoa izan behar luke Jaurlaritzak, isuriak kontrolatzeko. Udalei dagokienez, garraio kolektiboa eta bizikleta erabiltzeko politikak sustatu behar lituzkete. Lan asko dago egiteko, eta herritarrak informatu behar dira, guk ere gure bizitza ohitura egokiagoetara bideratzeko. Herritarrak informatzea oinarrizkoa da.
Osasunerako benetan hain arriskutsuak al dira PM2,5 partikulak?
Euren tamainu txikiagatik, PM2,5 partikulak biriketara ailegatu ahal dira, hortik odolera, eta beraz, gero edozein organotara. Bihotzeko arazoak larritzen dituzte, eta, gainera, minbizia eragin dezakete, batez ere trafikotik datozen isurien eraginez. Karbono organikoaren kopuru handi bat izaten dute, minbizia eragile dena. Partikula horietaz gehiago jakin ahala, gaixotasun estimazioak gero eta larriagoak dira. Duela hamarkada bat, Espainian 16.000 heriotza goiztiar zenbatu ziren; orain partikulak bajatu egin dira, baina heriotza estimazioa igo, ezagutza zientifiko hobea dugulako. OMEk berak ere esaten du, jartzen duen 10 mikrogramoko mugak ez duela osasuna guztiz bermatzen.
Bestalde, Urkiolan, ozono troposferikoari OMEk ipinitako muga pasatzen da. Zer da kutsagai hori?
Ozono troposferikoa batez ere udako kutsadura bat da, eguzkiaren erradiazioagaz lotura baitu. Atmosferan sortzen da, tenperatura handiko erradiazioaren eta beste giza-kutsadura iturrien erreakzio kimikotik. Nekazaritza-eremuetan ematen da, kutsadura hiriguneetatik hara mugitzean. Urkiolako parke naturalean erkidegoko kutsadura maila altuenetakoak eman izana esplikatzen du horrek. Agian ez du pertsonengan zuzenean eragingo, baina bai modu garrantzitsuan baso eta espazio natural babestuetan.
Berba asko egiten da ingurumena zaintzeaz, garapen jasangarriaz... Baina zuen ikerketak dio ez dugula aire onik arnasten.
Ez. Duela hamar urte baino hobeto gaude, baina arnastea arrisku bat izan ez dadin, OMEk aholkatzen duenetik oso urrun gaude oraindik. Pertsona guztientzat izan daiteke arriskutsu, baina, batez ere, sentsibleentzat: umeentzat, nagusientzat eta arnasketa zein bihotz arazo kronikoak dituztenentzat.
Beraz, kutsadura sailkatzeko zein irizpide erabili, hortxe dago eztabaidaren gakoa. Europar Batasunak OMEk baino indize malguagoak ezarri zituen, eta instituzioek, hemengoek ere, horiek erabiltzen dituzte.
OMEren aholkuak bete ez izanaren jarrera orokorra dago erabaki horren atzean. Europar Batasuneko herritar guztientzako aire osasungarri bat lortzeko anbizio politiko falta erakutsi du Europako Batzordeak. Osasunerako eskubidea babesteko exijentzia handitu beharrean, malgutasunerako bidea hartu duela esango nuke. OMEk aholkatzen duenera 2010ean ailegatzea aurreikusi zuten 1999an, baina 2008an hori ahaztu eta bikoiztu egin zen PM10 eta PM2,5 partikulen muga. Partikula horiek osasunerako kaltegarrienak direla egiaztatu da.
Ameriketako Estatu Batuetan, ostera, muga OMErenera hurreratzen da.
Trumpen agintaldia zelan amaituko den ez dakigun arren, AEBetako ingurumen agentziako balioak EBkoak baino zorrotzagoak dira. Kurioski, gure aurretik dabiltza horretan. PM2,5 partikulen kasuan, AEBetan urteko batezbesteko muga 12 mikrogramo metro kubikokoa da, eta Europan 25 da. Bikoitza baino gehiago, beraz. Eta OMEren aholkua muga 10ean ipintzea da.
Instituzioetatik lasaitasun mezua dator, herritarren kexen aurrean.
Lehenik eta behin, administrazioek arazoa onartu beharko lukete. Gehienek ez dute egiten; legea betetzen ez dela argi dagoenean eta Europan espedienteak zabalik dituztenean soilik egiten dute, isunak tartean daudenean; Madril eta Bartzelona dira adibide. Baina muga legal horiek betetzen ez diren beste hainbat eremu daude, eta ez dute errekonozitzen, isunik jaso ez dutelako. Bilbo Handian, esaterako, 2016an eta 2017an Nitrogeno Dioxidoko balio muga legala gainditu dute. Baina inor ez da interpelatua sentitzen, ez udala ezta Eusko Jaurlaritza ere, eta gaia ohartu barik pasatzen ari da. 800.000 pertsonatik gora bizi dira eremu horretan.
Zer egin dezakete instituzioek airearen kalitatea hobetzeko?
Isuri kutsakorrak murriztu ahal izateko, garraio politikak garatu beharko lirateke. Autoaren neurriz kanpoko erabilera gutxitu, trena sustatu, eta hirietan bizikleta eta garraio publikoa indartzea behar da. Ikatza darabilten zentral termiko guztiak ahalik eta arinen zarratzea komeni da, eta energia berriztagarriekin ordezkatu.