Babesleei esker munduko txapelketan parte hartuko du Iñigo Larizek

Anboto 2014ko eka. 26a, 11:19

Bihar kilometro bertikalen munduko txapelketa jokatuko dute Chamonix-en (Alpeak). Espainiako kilometro bertikalen gaur egungo txapelduna den Iñigo Lariz ez dago selekzioko hautatuen artean. Hala ere, parte hartu ahal izango du bere babesleei esker.

 

Espainiako selekziorako Iñigo Lariz (Elgoibartarra eta Durangoko Mugarra triatloi eskolako arduraduna) hautatu ez izanak haserrea eragin du korrikalarien artean eta sare sozialak erabili dituzte euren iritzia adierazteko. Oier Ariznabarreta, Ion Azpiroz, Ionut Zinca eta beste hainbatek idatzi dute. Lariz berak ez du polemiketan sartu nahi, baina Anbotori adierazi dionez munduko txapelketan parte hartzeko aukera izango du. Ez da Espainiako selekzioagaz izango; bere babesle diren La Sportiva eta Mara Mara-ren bitartekaritzaren bitartez dortsal bat lortu du eta Alpeetara bidean doa orain (eguen goiza). Ez dago seguru, baina ez du uste bere denborak balio ofizialik izango duenik, baina, gutxienez, parte hartzeak ilusioa egiten diola dio. Gaur egun, Kilometro Bertikalen Espainiako Kopako liderra da Lariz; Oturian (Sabiñanigo) zazpigarren amaitu zuen eta orain asteburu bi Picos de Europako Fuente De kilometro bertikala irabazi egin zuen.

Korrikalarien iritzia

Oier Ariznanarreta korrikalari durangarrak “lotsagarria” deritzo FEDME-k (Mendi Kirolen eta Eskaladaren Espainiako Federazioa) Lariz hautatu ez izanari: “Erabateko dezepzioa eragin dit; azken urte bietan hautatua izateko meritu gehien egin dituena Iñigo Lariz da”. Ionut Zincari ere “oso, oso, oso txarto” iruditzen zaio. Ion Azpirozen ustez “ezin da jendearen ilusioarekin horrela jolastu”.

Durangaldeko ordezkaritzari dagokionez, Abadiñon bizi den Silvia Trigueros korrikalariak bihar goizean hasiko den ultra trailean parte hartuko du (83 km) Espainiako selekzioagaz.

Hauek dira kilometro bertikalean, Skyrace-ean eta UltraSky probetan parte hartzeko aurtengo hautatuak: Kilian Jornet, Manuel Merillas eta Miguel Caballero (kilometro bertikal eta maratoia), Agusti Roc, Azahara García eta Laura Orgué (kilometro bertikalean), Luis Alberto Hernando, Silvia Trigueros eta Uxue Fraile (Ultratrailean) eta Maite Maiora, Nuria Dominguez eta Laia Andreu (maratoian).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!