Larizek Espainiako espezialistarik onenak menderatu ditu Kantabrian

Anboto 2013ko eka. 10a, 14:28

Asteburuan kilometro bertikalen Espainiako Kopako bigarren igoera jokatu dute Kantabriako Fuente De inguruetan. Iñigo Larizek igoera irabazi eta errekor berria ezarri du

Asteburuan kilometro bertikalen Espainiako Kopako bigarren igoera jokatu dute Kantabriako Fuente De inguruetan. Iñigo Larizek igoera irabazi eta errekor berria ezarri du.

 

Iñigo Larizek (Mugarra triatloi taldeko kidea) “oso pozik” eta bere errendimenduagaz “harrituta” dagoela adierazi du. Elgoibartarra Euskal Herriko kilometro bertikalen sailkapeneko liderra da martxoan Zuzenien lasterketa irabazi ostean, baina asteburuan Kantabrian lehiatutako kilometro bertikala Espainiako Koparako puntugarria zen eta estatu mailako espezialistarik onenak izan zituen aurrez aurre. Hala ere, igoera irabazi eta marka berria ezarri zuen: 39.37.

 

Mugarra triatloi taldeko kidea den arren mendi lasterketak LaFuma taldeagaz lehiatzen ditu Larizek. Hasieran “lan txukuna egitea eta aurreneko bosten artean geratzea” zuen helburu. Igoera bertikaletan, normalean, bana-banan irteten dira korrikalariak, baina Fuente De-koan denak batera irten ziren. Ondorioz, Larizek atzetik aurrerako bidea egin behar izan zuen. Apurka-apurka Raul Garcia (Munduko Kopako azpitxapelduna), Javier Gutierrez eta Javier Crespok osatutako hirukotea harrapatu eta haiekin egin zituen metrorik gehienak: “Nik banekien denak Garciak zer egingo zain egongo zirela. Egoera hori eta indartsu aurkitzen nintzela aprobetxatuta erasoa jo eta segundo batzuk hartu nituen”. Segundo horiek nahikoa izan ziren kilometro bertikala irabazteko. Gainera ondoren esan zioten aurreko markarik onena ere hobetu egin zuela. Emakumeetan Laura Orgué izan zen irabazlea.

 

Espainiako Kopa hiru lasterketek osatzen dute eta Kantabriakoa bigarrena zen. Hirugarrena Abuztuaren 4an izango da Palentzian eta Larizek parte hartzeko asmoa da: “Zoritxarrez sailkapen nagusirako ez dut aukerarik, horretarako hiru lasterketak lehiatu behar direlako eta nik ez nuen lehenengoan parte hartu”.

 

Euskal Herriko kilometro bertikalen zirkuitua ere hiru lasterketek osatzen dute. Lehenengoa irabazi ostean, udazkenean lehiatuko diren Anbotokoan (Atxondo) eta Beriaingoan (Uharte Arakil, Nafarroa) lidertza defendatuko du.

 

Lariz Fuente De-ko lasterketan Raul Garciaren ondoan. Argazkia: Ruben Fueyo

 

\"\"

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!