Martxoak 31

77 urte pasatu dira sarraski hartatik

Anboto 2014ko mar. 31a, 09:00

Gerediaga elkarteak Erromako artxibo militarrean aurkitutako argazkia, bonbardaketa egunekoa
Goizean, 08:30 aldera hasi ziren lehenengo bonbardaketak 1937ko martxoaren 31 hartan. Durangon 336 pertsona hil ziren, Elorrion 10 lagun hil zirela dago dokumentatuta parrokiako hildakoen liburuan. Gaur iluntzean, Durangon oroimen ekitaldia egingo dute Andra Mariko elizpean.

 

Durangon 08:30 inguruan entzun zituzten lehenengo bonba-hotsak. Hegaldi bakarrean, lau tona leherkari jaurti zituzten goiz-hartan. Aire-alarmek berriro jo zuten arratsaldean; baita Elorrion ere. Soriatik zetozen zortzi abioik erasotu zuten Durango, eta beste hiruk Elorrio. Arratsalde hartan, Italiako Aviazione Legionariak 7.840 kilo lehergailu jaurti zituen. Martxoaren 31 haren eta hurrengo egunetako bonbardaketen ondorioz, 336 pertsona hil ziren Durangon, eta zenbaezinak izan ziren kalte materialak.

Elorrion 10 lagun hil ziren; datu hori parrokiako hildakoen liburuko datuetan oinarrituta dago. Hala ere, seguruenik gehiago hilko ziren. Berrio-otxoa kalea eta elizako atzealdea izan ziren zonalde kaltetuenak.

 

Oroimen ekitaldia gaur iluntzean

Erasoaren biktimekiko oroimen ekitaldi zibila egingo dute gaur, Andra Mariko elizpean, 20:00etan. Gerediagak eta Kriskitin dantza taldeak antolatu dute. Plaka bat ere ipiniko dute Andra Mariko elizpean, bonbardaketan hildako pertsonen izenekin. Lore eskaintza Juanito Gallastegi abadeak egingo du. Bere amagaz batera bonbaketatik ihes egiten zuenekoa da bere bizitzako lehenengo akordua. Horrela kontatu du bizipena Anbotok egindako elkarrizketan: "Gu Kalebarrian bizi ginenez, amak hartu ninduen, eta arineketa batean, gure denda aurretik eta Jesuiten ondotik, Achicorias Momoitio enpresan egokitu zuten babeslekura joan ginen. Ama ezinean ikusi zuen, eta soldadu batek zaku baten moduan bota ninduen babeslekura. Beste ama asko zeuden barruan. Gogoratzen dut babeslekuko batzuk “papeles, papeles” esaten zutela. Paper horiek behea jo zutenean ikusi genuen zer ziren. Dena dardaraka hasi zen".

Eguerdiko 12:00etan udalak antolatutako ekitaldi instituzionala egingo dute kanposantuan. Urtero lez, ez erasoaren biktimen omenez, Gerra Zibilaren biktima guztien omenez baizik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!