Martxoak 31

Makiak gogoan hartuko dituzte Martxoaren 31ko ekitaldietan

Anboto 2014ko mar. 18a, 14:09

Aitziber Irigoras Durangoko alkateak eta Jon Irazabal Gerediagako kideak bonbardaketaren 77. urtemugako ekitaldien berri eman dute. Martxoaren 26an 'La guerrilla de la memoria' pelikula eskainiko dute, eta Francisco Martinez 'Quico' maki ohiak parte hartuko du.

Martxoaren 31n 77 urte beteko dira Gerra Zibilaren baitan italiar faxistek Durango eta Elorrio bonbardatu zituztenetik. Durangon hainbat egunez iraun zuen erasoak, eta 330 herritar baino gehiago hil zituzten sarraski hartan. Urtero hainbat ekitaldi antolatzen dituzte gertakari hura gogoratzeko.

Handik urte bira Francok gerra amaitutzat eman zuen eta 40 urtetan luzatu zen diktadura zabaldu zen. Baina, errepublikazale batzuek mendira jo eta erresistentzian jarraitu zuten. Makiak ziren. Aurtengo ekitaldietan, besteak beste, borrokalari horiek hartuko dituzte gogoan. Leongo (Gaztela, Espainia) Francisco Martinez Quico maki ohia La guerrilla de la memoria pelikulako protagonista da, eta orduko bizipenak kontatuko ditu. Ostean mahai-ingurua ere egingo dute. Eguaztenean 19:00etan izango da ekitaldia, San Agustin kulturgunean.

Bestalde, ohiko ekitaldiak ere iragarri dituzte. Urtemugan bertan, hilaren 31n, erasoaren biktimekiko oroimen ekitaldi zibila garatuko da Andra Mariko elizpean, 20:00etan. Gerediagak eta Kriskitin dantza taldeak antolatu dute. Bertan, Juanito Gallastegi abadeak egingo du lore eskaintza. Bere amagaz batera bonbaketatik ihes egiten zuenekoa da bere bizitzako lehenengo akordua. Eguerdiko 12:00etan udalak antolatutako ekitaldi instituzionala egingo dute kanposantuan. Urtero lez, ez erasoaren biktimen omenez, Gerra Zibilaren biktima guztien omenez baizik.

Gazteekin tailerrak egingo dituzte, eta Leire Bilbaok Gerrak ez du izenik liburuan oinarritutako bideo-irakurtaldia eskainiko du martxoaren 30ean, San Agustinen, 18:00etan. Irigorasek esan du "hurrengo belaunaldiei ondarea esku-aldatzea" dela euren helburua, oroimena landu eta berriro ez gertatzeko norabidean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!