Zelan egin zinen gerrillako kide?
Nire gurasoen etxea gerrillaren bizilekua zen. Hori horrela izanda, nik ere gerrillari laguntzen nion. 1947an, 22 urtegaz gerrillako kide egin nintzen, ekintza batzuetan poliziak harrapatu eta gero. Nik ihes egin nuen, baina beste taldekide batzuei Ihesaldi Legea aplikatu zieten.
Zelan bizi zineten gerrillan?
Bierzo inguruan ibiltzen ginen. Gehienbat hiri-gerrilla zen. Ponferradako hirigunean ere bizi ginen, baita inguruko herri txikiagoetan ere, herritarren etxeetan. Txandaka ibiltzen ginen hara eta hona. Hiritik herrietara aldea zegoen. Herri osoak zeuden gerrillaren alde. Erresistentzia talde gehienak bateratu zituen Leon-Galiziako Gerrillen Federazioa ere Ponferradan sortu zen. Herria antolatzea borrokaren helburuetako bat zen. Informazio zerbitzu errepublikarra zeritzona ere sortu genuen.
Gerrillari laguntzen zieten familiekin zelako hartu-emana zenuten?
Gerrillariak etxera etortzen zirenean eta, beranduago, ni taldeko kide egin nintzenean, bi kasuetan sentitzen nintzen gerrillari. Gainera, lehenengo kasuan arrisku handiagoagaz, Ihesaldi Legea kolaboratzaileei gehiagotan aplikatu zietelako, gerrillariei baino. Solidaritatea osoa zen.
Frantzian erbestea ezagutu duzu.
Sei taldekide ginen. 1951ko maiatzean Girón hil zutenean, eta beste taldekide bat harrapatu zutenean, Frantziara ihes egitea erabaki genuen irailean. Lau taldekide Frantziara pasatu ginen. Bat hil egin zen, eta beste hirurok memoriaren erreskate lana egiteari ekin diogu.
Zenbat urte eman dituzu erbestean?
40 urte egon naiz Frantzian. Franco hil zenean berehala etorri nintzen kideak bisitatzera, eta nire herrikideak ikustera. Horrek harremana mantentzea erraztu zidan. Baina lan egin beharra nuen erretiroa hartu arte, Espainiara etorri orduko. Hiru alaba ditut Frantzian. Parisko Historia Garaikideko Nazioarteko Artxibategian dihardu euretako batek lanean, eta errepresioaren inguruko testigantza ugari jaso ditu.
Urteen joan-etorriagaz memoria historikoaren inguruan zein iritzi duzu?
Herri honi memoria eta identitatea lapurtu diote. Trantsizioan negoziatu zuten. Francok historia deformatu zuen, kontra geundenok bidelapurrak bagina bezala tratatuta. Milaka eta milaka lagun hil zituen. Oraindik batzuk bide izkinatan daude. Trantsizioan ezkerrak negoziatu egin zuen frankismoarekin, eta uko egin zion ondare horri. Egia historikoak edozein ildo politikorentzat balio du. Herri honetan jaiotzen den edonork eskubidea du jakiteko herri honetan XX. mendean zer gertatu zen.
Durango ezagutzen duzu?
2000. urtean memoriaren karabanarekin bisitatu genuen. Archivo, Guerra y Exilio (AGE) taldeagaz gerrillarien proiektua martxan jarri dugu. 40 lagun inguruko karabanak martxan jarri ditugu, eta bizpahiru bider estatu osoa zeharkatu dugu. Durangon, Gernikan eta Bilbon ere egon ginen. Ahozko lekukotasunak jaso gura ditugu frankismoaren gezur erraldoiari aurre egiteko. Lekukotasunik barik gezurrak aurrera jarraitzen du. Horregatik, bizipenak jasotzea oso garrantzitsua dela uste dugu. Gertatutakoa ezagutu gura dugu. Arin egin beharreko gaia da, jende askok egia historikoa argitzeari ez dio-eta garrantzirik ematen. Ditudan urteak izan arren, helburu horrek mugitzen nau memoria historikoa jasotzera.
Makien bizimodua ezagutzeko filma
Francisco Martinezek maki garaian bizi izan zituen gertakariak jasotzen ditu Javier Corcuerak zuzendutako La guerrilla de la memoria (Oria Films, 2001) filmak. Historia horren protagonista bera San Agustin kulturguneko film emanaldira hurreratuko da martxoaren 26an, 19:00etan.
AGE elkarteko beste bi kiderekin mahai ingurua antolatu du Gerediaga Elkarteak martxoaren 31ko egitarauaren barruan. Amparo Sánchez Monroy Espainiako errepublikanoen seme-alaben elkarteko lehendakaria eta sortzailea izango da beste hizlaria. Mahai ingurua Dolores Cabrak zuzenduko du, arriskuan dauden dokumentuak berreskuratzeko artxibozain eta adituak.