Zelan gogoratzen duzue Durangoko bonbardaketa?
Juanito Gallastegi: Nik hiru urte nituen. Baina egun horregaz ondo baino hobeto gogoratzen naiz. Gozaltzen nengoela, sirenak jotzen hasi ziren. Gu Kalebarrian bizi ginenez, amak hartu ninduen, eta arineketa batean, gure denda aurretik eta Jesuiten ondotik, Achicorias Momoitio enpresan egokitu zuten babeslekura joan ginen. Ama ezinean ikusi zuen, eta soldadu batek zaku baten moduan bota ninduen babeslekura. Beste ama asko zeuden barruan. Gogoratzen dut babeslekuko batzuk “papeles, papeles” esaten zuela. Paper horiek behea jo zutenean ikusi genuen zer ziren. Dena dardaraka hasi zen.
Iñaki Gorritxategi: Berrizko eliza ostean bizi ginen. Bonbardaketa baino lehen, herria milizianoz inguratuta zegoen. Amak zer edo zer bazetorrela ikusi zuen, eta Andikoara osaba-izebaren etxera bidali gintuen. Bederatzi neba-arreba ginen, eta batzuk hara joan ginen. Txahal bat eramateko esan zigun, eta miliziano batzuek kendu egin gura izan ziguten. Horretaz gauzetaz oso ondo gogoratzen naiz. Anaia eta biok negarrez hasi ginen, eta azkenean txahalarekin heldu ginen. Aurretik, El abuelo gorrien hegazkina ikusi genuen, birritan. Baina martxoaren 31n hegazkinak hirunaka Durangora joaten ikusi genituen. Gu gazteak ginen, eta inork ez zigun gerrari buruz hitz egiten. Ez genekien zer zen hura. Bonbak jausten eta sua ikusten genuen Andikoatik. Nagusitan lagunek kontatu ziguten bonbardaketa eta gero ere, hegazkinak etorri eta metrailatu egiten zituztela.
Osteko momentua gogoratzen duzue?
J.G.: Nire kasuan, gu aitaren bila hasi ginen, eta aita gure bila. Baten batek aitari esan zion ikusi gintuela, eta bizirik geundela entzun zuenean lasai gelditu zen.
Bonbardaketaren ostean, zer egoeratan gelditu zineten?
J.G.: Arriandira joan ginen amama eta osaba-izebengana. Osaba gazteenak nik baino 10 urte gehiago zituen. Arrianditik gerora gertatutako beste bonbardaketa batzuk ikusi genituen.
I.G.: Hamabost egun inguru beranduago Andikoatik gure etxera bajatu ginen. Nazionalak sartu ziren, eta moroak oso akorduan ditut. Amak ortu ona zuen, eta janariaren truke ordaindu egiten zioten. Baina ordaindu diru frankistagaz. Berrizko medikuaren semea jaio zenean, haren amari dirua prestatu zion bataiatzeko, ez baitzegoen dirurik. Gorrien dirua debekatu egin zuten.
Propaganda faxistak bonbardaketaren egiletzaren inguruko gezurra zabaldu zuen. Zuek bazenekiten zer gertatu zen benetan?
J.G.: Anekdota bat dut gai horren inguruan. Handik urte batzuetara Comillasera (Kantabria) joan nintzen ikastera. Han jesuitak ziren irakasle. Kasualitatez, Historia abadegai batek ematen zuen, baina ez zen jesuita oraindik. “Los rojos separatistas en su vergonzosa huida incendiaron las ciudades de...”, eta Durango aipatu zuen. Atzamarra altxatu nuen, eta hori ez dela egia esan nion. “Cállese”, erantzun zidan. Deitu egin zidan, eta ordubete inguru berbetan egon ginen. Sinetsi egin zidan, eta hurrengo eskolan “se suprime esta lección” esan zuen.
Urte askoan ez zen bonbardaketaren gaia hurrengo belaunaldiei transmititu. Zergatik?
J.G.: Nagusiek ez zuten horri buruz berba egin gura. Nekez irteten zen gaia. Larregi sufritu zuten, antza. Ahal zela gai hori alde batera uzten zen.
Zein helburu zuten bonbardaketek?
J.G.: Esaten zutenez, II. Mundu Gerrarako probak egiten zebiltzan. Geroago bonbak zuzen jausten ziren. Durangokoan papelak zirela ematen zuten, haizeak eramaten zituen.
Gerraostea zelakoa izan zen?
J.G.: Gure aita frantsesen komentuan espetxeratu zuten, eta, ondoren, Bilbora eraman zuten. Handik Iruñera zeramatela, kamioietan zetozen hainbat preso. Arriandiko gure baserri aurretik pasatu ziren, eta osabak eta biok ikusi egin genuen pasatzen. Ondoren, Mirandako kontzentrazio esparruan egon zen.
I.G.: Gogorra izan zen. Gurean errota zegoen, eta zigilatu egin zuten. Gure amari ortuariekin Eibarko azokara joateko ez zioten baimenik ematen. Bestetik, alkateak hainbat herritar salatu zituen, tartean gure aita.
Memoria historikoaren inguruan behar besteko lana egin da?
I.G.: Maite Arrizabalagak eta beste pertsona batzuek Berrizen lan handia egin dute sasoi hartako dokumentazioa biltzeko. Beraiei esker aita zergatik atxilotu zuten jakin ahal izan dut. Harrezkero, udaletxekoak Salamancara joan ziren dokumentu bila. Markesak gure aitaren alde idatzitako gutuna ere topatu dut. Orduko alkatearen emaztearen lehengusu bat aitagaz batera espetxeratu zuten, eta haren emazteak eragin zuen haiek askatzeko. Alkateak berak gutuna idatzi zuen espetxeratuen alde. “La justicia de Franco no castiga a ningún inocente”, zioen. Abokatuak hori Bilboko epaiketan ikusi zuen.