Durangaldeko Amankomunazgoaren eskutik, bosgarren kontainerra ipiniko dute urtarrilaren hirugarren astean; herri bietako baserri eremuetan konpostajea sustatuko dute, gainera. Irudian, sustatzaileak konpostera aurrean dutela.
Amankomunazgoak beste pauso bat eman du zabor bilketa sisteman birziklapena handitzeko estrategian. Hondakin organikoari irtenbidea emateko esperientzi pilotuak ezarriko ditu Iurretan eta Abadiñon urtarrileko hirugarren astetik aurrera. Alde batetik, bosgarren edukiontzia –marroia– ipiniko dute Iurretako herrigunean eta Traña-Matienan. Bestetik, autokonpostajea bultzatuko dute herri bietako baserri eremuetan. Aldundiak 60.000 euroko diru-laguntza bat eman du, eta herri bi horietan garatuko da egitasmoa. Harreraren arabera aztertuko dute beste herrietara hedatuko duten datozen urteetan. Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak azaldu du euren oinarrizko helburua herritarrak birziklapenagaz inplikatzea dela, “kultura horretan aurreratzea”.
Hondakin organikoaren birziklapena borondatezkoa izango da, eta interesdunek izena eman beharko dute. Horretarako, informazio batzarrak egingo dituzte lehenik. Edukiontzi marroia erabiliko duen partaide bakoitzari kubo propio bat emango diote, 10 litroko edukiera daukana, eta poltsa bereziak ere bai. Komertzioak ere gonbidatu dituzte, eta hauei 80 litroko kuboa emango diete. Gainera, kalean egongo diren kontainer horiek zabaltzeko giltz bat jasoko dute guztiek. Produktu begetalak eta kozinatu bakoak bota ahalko dituzte bakarrik. Guztia, Bilboko konpost plantara eroango dute.
Etxeko konpostajea garatzeko, IK4-Azterlan ikerketa zentroaren laguntza edukiko dute. Auzoetan batzarrak deituko dituzte azalpenak emateko, eta konpost-tailerrak egingo dituzte urtarrila amaieran. Partaideei konpostera bat eta haizagailua emango diete. Konposteran begetalez aparteko hondakinak ere bota ahalko dira. Azterlaneko Ander Areitiourtenak nabarmendu du emaitza ez dela zaborra izango, konposta lurra ontzeko erabili ahal delako.
Informazio guztia www.organikoadurangaldean.com webgunean dago.
Errefusa murriztera
Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak adierazi du pozik daudela ekimenagaz. “Ahaleginduko gara jendea inplikatu dadin”, esan du. Iurretako alkate Iñaki Totorikaguenak azaldu du gogotsu hartu dutela ideia."Zaborra koherenteago" kudeatu behar dela uste du. Durangaldean %25eko biriziklapen tasa dagoela adierazi du Zarrabeitiak, eta errefusa –birziklatu ezin dena– murriztu gura dute.
Amankomunazgoak 2012an hasi zuen birziklapen ereduari buelta bat emateko prozesua. Auzoetan kontainerrak hobeto kokatzeko batzarrak egin zituzten, esaterako. Bestalde, Izurtzan eta Mañarian autokonpostaje esperientziak garatu dituzte, emaitza onekin. Batzuen kasuan, eguneko zabor poltsa bat sortzetik hiru egunetan bakarra sortzera pasatu dira.