LAB eta ESK sindikatuetan afiliatuta dauden Iketz eta San Eloyko beharginek prentsaurrekoa eman dute Elorrion. ELA eta CCOO gogor kritikatu dituzte.
Ia 50 behargin Elorrioko plazan batu dira Mecanizados Iketz eta San Eloyn gertatu denaz euren ikuspuntua emateko. LAB eta ESKko afiliatuak dira, eta Maite Arginzoniz eta Iñigo Ariznabarretak egin dute berba euren izenean. Adierazi dute talde bereko enpresa bietan proposamen bera egin zutela, eta hasieran plantilla biek onartu arren, gero desberdina izan dela negoziaketa eta emaitza. "Iketzen benetako negoziaketa bat burutu zen". Tarte horretan greba deitu zutela eta horrek akordioa sinatzea ekarri zuela uste dute, gutxieneko lan baldintzekin. San Eloyn euren ustez ez da benetako negoziaziorik burutu, eta ELA eta CCOOri bota diote horren errua: "ELA eta CCOOko delegatuek bultzatuta beldurraren diskurtsoa zabaldu da. Inbertsoreagaz ezin zela negoziatu, bestela alde egingo zuela". Iketzen greba deialdia egin zenean, San Eloyko langile batzuek horren kontra egin zutela ohartarazi dute: "Dei eta mezu anonimoak egin ziren, mehatxatu eta iraindu zen".
Antza denez, eta tentsiozko egoera hori ikusita, ESKko ordezkari batek libratu zuen San Eloyko gatazka, inbertsorearen proposamena onartuz. Izan ere, berez ESK eta LABek zeukaten gehiengoa, baina ESKko bat jubilatzean, berdinketan geratu ziren. Horretaz gainera, esan dute "gezur borobila" dela inbertsorearen proposamena 90 beharginek eman zutela: "65 izan ziren, plantillaren erdia baino zerbait gehiago. ELAk nahastea du helburu".
Prentsaurrekoan, kritika gogorra egin dute: "LAB eta ESKko delegatuak langabezian geratu diren bitartean, ELA eta CCOOkoek inbertsoreagaz lanean jarraituko dute". Esan dute bakarra geratu dela lan-poltsan, baina lehenengo postuan. "Kalean geratuko den langile batek barruan geratzen den ELAko delegatu bati bere lanpostua irakatsi behar dio".
Iketzeko emaitza baloratu dute: "Langile guztion eskubideak lortzeko borrokatzeko erabakia hartu den enpresan akordioa lortu da". Euren ustez, ELA eta CCOOk plantilla erdiaren eskubideak babestu dituzte bakarrik. Enpresa bietako akordioak alderatu dituzte. Adierazi dute Iketzen 15 eta 20 langile artean hasiko direla lanean, hiru urterako %100eko lan bermeagaz. 4. eta 10. urteen artean kaleratzen badituzte, indemnizazioaz gainera 11.000 euroko konpentsazioa jasoko lukete. Lan poltsakoentzat, 2015eko abendura arteko enplegu bermea egongo ei da. San Eloyren kasuan, diote 55 lagunen lan bermea %85ekoa dela, plantillaren %15 kaleratua izan ahal dela. 3. eta 7.urteen artean kaleratuak izango balira, 1.015 eta 5.078 euroren arteko osagarriak jasoko lituzketela esan dute. Lan poltsakoentzako bermerik ez dagoela ohartarazi dute. Talde berriko Metal smelting enpresako lau pertsona ere sartu ei dira poltsa horretan, "ELAko afiliatuak omen direnak".
Iketz eta San Eloyren likidazio espedientea uztailaren 31n amaitzen da. Ostean, inbertsore berriak hartuko ditu eta oraindik ez dakite ze egunetan bueltatuko diren beharrera.