LABek deitutako ehundaka laguneko manifestazioa amaitzean, beharginak oholtzara igo dira. Berba hartu du euretako batek: "Albisterik txarrena eman digute: langileontzako etete espedientea eskatu dute".
LABek Maiatzaren Lehena dela-eta Durangon eginiko manifestazioan San Eloy taldeko beharginak izan dira protagonista. Pankartaren buruan Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusia eta Eulate Zilonizaurrekoetxea eskualdeko arduraduna; atzean, Iketz eta San Eloyko hainbat behargin. Ehundaka laguneko manifestazioa amaitzean, beharginak oholtzara igo dira. Berba hartu du euretako batek: “Albisterik txarrena eman digute: langileontzako etete espedientea eskatu dute. Enpresa biak zabalik mantendu gura dituzte, baina guk suposatzen diegun kargarik barik”. Adierazi du ez dutela onartuko enpresak ixtea, ezta beharginen eskubideen kontura salbatzea ere.
Eguerdiko 12:30ean udaletxeko plazatik irten da protesta, eta Andra Mariko elizpean egin dute amaierako ekitaldia. Sortu alderdiko Niko Moreno eta Maribi Ugarteburu eta EH Bilduko Laura Mintegi egon dira manifestarien artean. San Eloyko beharginen ostean Eulate Zilonizaurrekoetxearen txanda izan da. San Eloyko egoeraz gainera Agria eta Mecanicas Mallabi aipatu ditu, besteak beste. Horren harira, enpresaburuak eta euren gestioak kritikatu ditu: “Beharginen lanaren kolkotik aberastu diren horiek desagertu egin dira. Egoera miserable hau langileen erantzukizunen menpe utzi dute. Jende hori kartzelara joan beharko litzateke”.
Azken urteotako murrizketak gogoratu eta gerora etorri ahal direnez ere abisu eman du: “Egia da oso momentu gogorrak bizi ditugula. Urte luzeetako borrokaz gure gurasoek lortutako eskubide guztiak egun batetik bestera kendu gura dizkigute”. Durangaldeko egoera larria dela esan du Zilonizaurrekoetxeak.
"Duintasunaren argazkiak"
Etxaidek eman dio amaiera ekitaldiari. Azaldu du enpleguaren defentsan etorri dela Durangora, eta San Eloy lako borrokak “duintasunaren argazkiak” direla. Kontrara, Eusko Jaurlaritzaren proposamen ekonomiko eta politikoen aurka egin du. Esaterako, EAJk PSE-EE eta PPri eskainitako akordioa kritikatu du. Eguneroko borrokak goraipatu eta hilaren 30eko greba orokorrerako deia egin du.