ELAk eta CCOOk sinatutako akordioak 60 lanpostu bermatzen ditu.
San Eloyko (Elorrio) ELA eta CCOO sindikatuek akordioa sinatu dute ekainaren 18an, Metal taldeko jabeagaz. ELAk jakitera eman duenez, akordio hau lantaldearen gehiengoak onartu du: “119 langiletik 95ek sinatu dute akordioa”. Gaineratu dutenez, talde berekoa den Iketz enpresakoaren antzekoa izanik, San Eloyn adostutako akordioak lan segurtasun handiagoa duela dio ELAk. “Akordioak 60 lanpostu baino gehiago bermatzen ditu, eta 2016rako luzapena du”. Kalean geratu diren langileentzako lan poltsa bat egingo dela aurreratu dute. “Lau urteko iraupena izango du, eta bertan dauden beharginek formazioa jasoko dute”. Gainera, Metal taldeko edozein enpresatan lan egiteko aukera izatea ere adostu dute.
CCOO sindikatuak prentsa ohar bidez azaldu duenez, San Eloyn adostu den hitzarmena aurrera eroateko jarrera aktiboa izan dute.
LABi erantzuna
LAB sindikatuak joan zen astean San Eloyko negoziazioen inguruan plazaratutako adierazpenei erantzun die ELAk: “Ez dugu ulertzen LABek izan duen jarrera, San Eloyko akordioa Iketzekoa baino hobea izanik, beraiek ez dute sinatu nahiz eta 95 langilek horrela eskatu, beraien afiliatuak barne”. Gaineratu dutenez, “argi geratu da zein izan den LABen helburua Iketzeko akordioa San Eloykoarekin alderatuz hobeagoa izatea”.
CCOO sindikatuak dioenez, “LABek idatzita ez dagoen akordioen bidez bere indar egoera erabili gura izan du enpresa honetako bere afiliatuak babesteko”. CCOOk kritikatu duenez, “LABek kinka larrian jarri du Iketz eta San Eloyren jarraipena”.