Milaka bizikleta zalek Lejarreta oroitu eta segurtasun neurriak eskatu dituzte

Anboto 2012ko abe. 23a, 13:30
Milaka lagunek parte hartu dute gaur goizean Bilbotik Iurretara egindako bizikleta ibilaldian. Joan zen astean autoak Iñaki Lejarreta harrapatu zuen tokian geratu eta manifestu bat irakurri dute. Minutu bateko isiluneagaz amaitu da ekitaldia.

Milaka lagunek parte hartu dute gaur goizean Bilbotik Iurretara egindako bizikleta ibilaldian. Joan zen astean autoak Iñaki Lejarreta harrapatu zuen tokian geratu eta manifestu bat irakurri dute. Minutu bateko isiluneagaz amaitu da ekitaldia.

 

Lehenengo bizikleta zaleak Iurretara heldu direnean pelotoiaren atzean zetozenak Euban zeuden oraindik. Ekitaldia amaitu denean bozgorailuetatik esan dute tropela Arriaundira arte luzatzen zela. Beraz, milaka bizikleta zale (8.000 eta 10.000 artean antolatzaileen esanetan) batu dira gaur Iñaki Lejarreta oroitu eta errepidean dabiltzan bizikleta zaleentzat segurtasun neurriak eskatzeko.

 

Ekitaldian BizkaikoTxirrindularitza Federaziotik irten den eta ahalik txirrindulari gehienen babesa bilatu duen manifestua irakurri dute. “Ez gaude konforme hartzen dugun tratuarekin” dio manifestuak: “Bideak ibilgailuentzako espazio publikoak dira eta gehienetan diskriminatu egiten gaituzte bideok hartzen ditugunean”. Hartara “politikariei, Hezkuntza, Kultura eta Bide Segurtasun eta Obra Publikoen esparruetan beharrezko baliabideak ipini ditzaten eskatzen diegu bizikleta erabiltzea eta ziklismoa praktikatzea ez dadin arrisku handiko kirola izan”.

 

Denen segurtasunari begira, hiru ardatzen inguruan eman beharko lirateke aurrerapausuak manifestuaren arabera:

-       “Eskoletara zuzendutako heziketa programa eraginkorra ezartzea bide segurtasuna mugikortasun iraunkorra eta ingurunearekiko errespetua lantzeko”.

-       “Hiri-segurtasunerako agenteen aldetik, kontrol eta zehaztasun handiagoa zigorrak aplikatzeko orduan”.

-       “Gure inguruko bideetako azpiegiturak zehazteko irizpideak erabakitzeko orduan kontsulta egitea txirrindularitza erakunde eta entitateei”.

 

Ekitaldian zehar hainbat bider azpimarratu dute txirrindularientzako errei baten beharra. Eredua ematen lehenengoak bizikleta zaleak eurak izan behar dutela ere gogoratu dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!