Atsekabea nagusi sare sozialetan

Anboto 2012ko abe. 17a, 10:30
Iñaki Lejarretaren heriotzak erreakzio andana eragin du sare sozialetan. Amorrua, atsekabea, sinestu ezina, tristura… dira gehien nagusitu diren sentimenduak.

Iñaki Lejarretaren heriotzak erreakzio andana eragin du sare sozialetan. Amorrua, atsekabea, sinestu ezina, tristura… dira gehien nagusitu diren sentimenduak.


Normala den moduan txirrindularitza mundua da gehien mobilizatu dena. Illart Zuazubizkar abadiñarrak ondokoa idatzi du sare sozialetan: “Agur Iñaki. Horrelako istripuak geratzeko sasoia da, kokoteraino gaude ondo-ondotik eta abiadura bizian igarotzen diren gidariez…”. Juanjo Orozek dio “paparrean sartzen ez zitzaion bihotza” zuela berriztarrak. Mikel Astarlozak kolpe “oso, oso, oso, gogorra” izan dela onartu du eta “besarkadarik beroena” bidali dio familiari. Eneritz Iturriagak ezin du gertatu dena "oraindik sinestu": "Noiz arte jarraitu behar dugu hiltzen! Iñaki goian bego. Naiara eta familiari animo asko".

 

Pedro Delgadok ere eman du bere iritzia: “Iñaki Lejarretak eta beste hainbat txirrindularik jasandako istripuaren eta ondorengo heriotzaren gauzarik txarrena DGTaren aldetik laguntasun falta da”. Roberto Laisekak segurtasuna hobetzeko beharra adierazi du: “Super Sur-a eta Abiadura Handiko trena egiten ditugu, baina ez dago dirurik bizikletentzako karril sinple bat egiteko. Urteetan eskatzen gabiltza eta bizitzak salbatuko lituzke”.


Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak bat egin du domekako martxagaz eta erakundeei dei egin die elkarlanean bideko segurtasunaren arloan lan egiteko.


Txirrindularitzatik kanpora ere hainbat kirolarik euren iritzi eta sentimenduak elkarbanatu dituzte. Koikili Lertxundi Mirandeseko futbol jokalariak asteburuko garaipena Lejarretari eskaini dio: “Gaurko garaipena zuretzat eta zure familiarentzat. Besarkada handia familiari eta lagunei. Plazerra izan da zu ezagutzea eta zugaz ilusioak, erronkak… elkarbanatzea”. Ustaritz Aldekoa Otalorak ere ezagutzen duen Lejarreta: “Txikituta nago. Nirekin ikasi zuen txirrindulari handi bat joan zaigu. Berbarik gabe nago. Besarkada handi bana familiari eta ezagunei. Agur lagun”. Besteak beste, Gorka Bizkarra eta Jon Carro triatletek ere euren atsekabea adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!