Lasterketa irabazi eta errekor berria ezartzetik hiru segundora geratu da Iñigo Lariz

Anboto 2012ko aza. 19a, 14:37
Mugarra triatloi taldeko Iñigo Larizek Karakateko igoera irabazi zuen zapatuan eta igoerako errekorra apurtzetik hiru segundora geratu zen. Oier Ariznabarreta durangarrak du errekorra gaur egun.

Mugarra triatloi taldeko Iñigo Lariz igoerako errekorra apurtzetik hiru segundora geratu zen. Oier Ariznabarreta durangarrak du errekorra gaur egun.

Aspaldiko urteetako mailarik handiena izan zuen zapatuan Elgoibarren jokatu zen Karakateko igoerak (3,7 kilometro). Imanol Goñi natxituarrak, Julen Aranguena kortezubiarrak eta Aritz Kortabarria arrasatearrak parte hartu zuten, besteak beste. Denak goi mailako korrikalariak dira mendi lasterketetan.

Lasterketa hasi eta berehala bidea estutzen zenez, Larizek bizi-bizi ekin zion. Horrela, hasierako metroetako korrikalari pilaketa ekidin zuen. Lasterketa erditik aurrera Julen Aranguena eta biak bakarrik geratu ziren aurrean: “Ez nekien Julen zelan zihoan, dudak nituen. Horregatik, azkenengo hirurehun metroak arte itxaron nuen erasoa jotzeko”, azaldu du Larizek. Aranguenak ezin izan zion Larizen erritmoari eutsi eta Mugarra triatloi taldeko korrikalaria bakarrik helmugaratu zen (28.20).

Lasterketa irabazteaz batera, lasterketako errekorra apurtzeko puntuan ere izan zen. Oier Ariznabarreta durangarrak iaz ezarritako markatik (28.17) hiru segundora geratu zen: “Egia esanda ez nuen hain denbora ona egiterik espero. Banekien errekorra 29 minututik behera zegoela eta helmugan sartu eta nire denborari begiratu nionean errekor berria ezartzeko aukerak banituela iruditu zitzaidan. Hala ere, berehala esan zidaten Ariznabarretak baino hiru segundo gehiago behar izan nituela. Pena da, baina gustura nago nire jardunagaz”.

Emakumeetan Nerea Amilibia izan zen azkarrena: 37.02

Karateko Igoera lasterketa berezia da. Hasiera eta amaiera puntuak definituta daude, baina tarteko ibilbidea ez. Korrikalari bakoitzak egokien iruditzen zaion bidea hartu dezake. Hala ere, Iñigo Larizek onartu duenez normalean denek antzerako bidea hartzen dute.

Neguan mendiko trabesiak


Karakateko igoeragaz mendi lasterketen denboraldiari amaiera ipini dio Larizek. Hemendik aurrera mendiko eski trabesien denboraldia prestatzen hasiko da. Euskal Herriko selekzioagaz Euskal Herriko Kopa eta Espainiako txapelketa lehiatzen ditu normalean. Aurrekontuak ahalbidetzen badie aurten Munduko Kopako lasterketa batean ere parte hartzea dute helburu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!