Undak sendo hasi zuen lehiaketa. Lehenengo txandan erraz irabazi zion Oksana Vaschuk ukrainarrari. Bigarrenean, ordea, urrea irabazteko faborito nagusienetakoa zen Stanka Zlateva izan zuen aurkari, eta duin eta gotor borrokatu arren bulgariarra nagusitu zitzaion. Zlatevak zilarrezko domina irabazi zuen gero.
Finaletik kanporatuta geratu arren, Undak bazuen oraindik domina irabazteko modurik, bigarren aukeraren bidez. Ederto baliatu zuen aukera hori Ohenewa Akuffo kanadiarra garaituta. Orduan, brontzea pausu bakarrera zuen: Agnieska Wieszczek kanporatu eta domina kolkora. Zoritxarrez, poloniarra euskalduna baino freskoago zegoen, bigarren aukerako lehenengo borrokaldia zuelako, eta abantaila horri etekina atera zion. Lehenengo asaltoan egon zen gakoa. Unda aurretik zihoan (1-0), baina asaltoa bukatzeko hiru segundo besterik falta ez zirela poloniarrak puntu bi eskuratu zituen. Kolpe gogorra izan zen otxandiarrarentzat eta bigarren asaltoan ez zuen zereginik izan. Undak amorratuta eta penatuta bukatu zuen borroka. Orain, hotzean, diplomari bestelako balioa ematen dio: “Behin etxera etorri eta denek besarkatu eta zoriondu ondoren ohartu naiz benetan lortutakoaz. Egunero lan egiten dut bizimodua ateratzeko eta bestelako konpromisoak ere baditut. Esan nahi dut, ez naizela borroka libretik bizi, ez dela esklusiboki egiten dudan zerbait. Dena hartu behar da kontuan, eta diploma olinpikoa lorpen ederra da niretzako”.
Undak palmares errespetagarria du. Borroka librean irabazi daitekeen ia guztia irabazi du; tartean Espainiako Txapelketa hamar bider. 31 urte izanda Londresko Joko Olinpikoetan parte hartzeko ahaleginetan ikusiko ote dugu? Inork ez dezala zalantza txikienik izan: “Gazte dut burua. Nire sasoirik onenean nagoela uste dut eta dena emango dut 2012ko Jokoetan Londresen izateko”.
Kasta eta indarra
Undaren lorpena txalogarria bada, beste hainbeste esan daiteke Iñaki Lejarretarenari buruz. Berriztarrak zortzigarren bukatu zuen mendiko bizikleta lasterketan. Diploma olinpikoa zuen helburu eta, bai lortu ere. Gainera, lasterketa zelan garatu zen kontuan hartuta, Lejarretaren lana are merituzkoagoa da.
Irteeraren ondorengo lehenengo erreferentzian 21. zihoan. Pare bat itzulitan 12. jarri eta hantxe
Azken hiru itzulietan lau txirrindulari aurreratu zituen eta bosgarren sailkatuak 22 segundoko aldea besterik ez zion atera. Pare bat itzuli gehiago izan balitu… Dena dela, 24 urteko berriztarrak etorkizun itzela duela konfirmatu du, horren zalantzarik ez zuen inork baina. Aurtengo lasterketetan lehen hamarren artean geratzea lortu du sarritan. Datorren denboraldirako erronka lehen bostetan sartzea izango da.
Gartziak ezin
Jon Gartzia taekwondo borrokalaria izan da eskualdeko hirugarren ordezkaria. Durangarra da jaiotzez eta Zamoran bizi da zazpi urte zituenetik. Joko Olinpikoetan parte hartzea berez lorpen handia den arren, Gartziaren palmaresa ikusita gorago amaitzeko kalitatea zuela dirudi. Final zortzirenetan, ordea, Irgashev bulgariarrak kanporatu egin zuen.
Bete-beteko borrokaldia izan zuten, berdinketarekin bukatu zena. Ondorioz, urrezko puntuak erabakiko zuen norgehiagoka; lehenengo kolpatzen zuena, huraxe garaile. Bulgariarra abilago aritu zen. Kolpe bakarrak bidali zuen bata final laurdenetara eta euskalduna etxera.
Gartziak 30 urte ditu eta birritan izan da Europako Txapeldun. Mundialetako domina bi ere baditu bere palmaresean.