Traña-Matienako umeak, gurasoak, familiak zein adinekoak auzoko kontsultategiaren parean batu ziren protestan eguazten arratsaldean, Osasun Sailari pediatria zerbitzua berreskuratu dezan eskatzeko. Izan ere, auzotarrak 2021eko ekainetik dabiltza gorabeherekin zerbitzuan, bertan urte askoan aritutako pediatrak erretiroa hartu zuenetik. Gainera, kontua gehiago larritu zen iazko azaroan, Osakidetzak Traña-Matienari ordura arte zegokion pediatra postua kentzea erabaki zuenean. Harrezkero, 0tik 6 urtera arteko umeek Zelaietako anbulatoriora jo behar izaten dute. Eta zazpi urtetik gorakoek Berrizera, Elorriora edo Zaldibarrera. Protesta amaieran adierazi dutenez, "onartezina" da auzoan pediatrarik ez egotea.
Abadiñoko Udalak hainbat bilera egin du Osasun Sailagaz, baina ez du "inolako emaitzarik" jaso. Hori dela eta, elkarretaratzeak egiten jarraituko dute ekaineko eguazten arratsaldeetan.
AINTZANE MENDIOLA Aintzane Mendiola Gerediaga auzoko bizilaguna da. 6 eta 10 urteko mutiko biren ama da eta Traña-Matienako kontsultategia du semeen osasuna zaintzeko erreferentziazko toki. Umeekin batetik bestera ibili behar izan du azken egunotan. Zelan eragiten dizue egoerak? Zorionez, ez dut askorik joan behar izan pediatrarenera. Baina urrutira joan barik, joan zen astean, pediatriagaz loturiko hitzordu pare bat izan genuen. Txikiari azterketa bat egitea zegokion. Nagusia hitzordu mediko batera eraman behar izan nuen. Eta hemen umeen osasun arreta adinaren arabera banatuta dagoenez, txikiagaz Zelaietara joan behar izan nuen. Eta nagusiagaz Elorriora. Egun berean hitzordu bi izan nituen, Zelaietan bata eta Elorrion bestea. Zergaitik erabaki duzu protestan parte hartzea? Traña-Matienako auzoan pediatra bat egotea behar dugulako. Ume eta familia ugari dago egoera berean. Nire inguruko umeak eta gurasoak halantxik dabiltza. Batzuk Berrizera bidaltzen dituzte, beste batzuk Elorriora. Eta gogaikarria da, ordu laurden behar delako Elorriora joateko, eta beste horrenbeste etortzeko. Lana edo dena delakoa alde batera utzi behar izaten duzu, horrek guzti horrek dakartzan ondorioekin. |
ELENA OUTUMURO Elena Outumuro Traña-Matienan bizi da eta 6 eta 11 urteko ume biren ama da. Elorriora, Berrizera zein Zaldibarrera joan behar izaten dutenez, umeen osasun arretari behar den moduko jarraikortasunik ez zaiola egiten uste du. Zelan baloratzen duzu egoera? Oso egoera larria da. Txarra, deserosoa eta kudeatzeko gatxa. Zerbitzua etxe ondoan jaso dezakegun arren, autoa hartu eta batetik bestera ibili behar izaten dugu. Horrek guzti horrek oraindino gatxago egiten du familia eta lana kontziliatzea. Gainera, umeen osasunari ez zaio behar den moduko jarraipenik egiten. Segun eta nora bidaltzen zaituzten, segun eta umeak zer duen, pediatra bategaz edo besteagaz zaude. Elorriokoagaz egon zaitezke gaur, eta Berrizkoagaz bihar. Gainera, Zelaietako pediatra bajan dago momentu honetan. Iruditzen zait umea artatzen duen pediatra aldatuz doala, eta, horrenbestez, umearen osasunari ez zaiola jarraipen egokirik egiten. Umeek zelan bizi dute egoera? Txikia, adibidez, alergiekin dabil eta asma arazoekin ibilitakoa da. Orain, segun eta zein pediatrak artatzen duen, aurrerapausoak edo atzerapausoak egiten gabiltzan sentipena daukat. Horregaitik da inportantea erreferentea izango den pediatra bat izatea. Azken boladan aurrera eta atzera ibili gara. Elorriora, Berrizera eta Zaldibarrera joan izan naiz. Eta inoiz horietara joateari uko egin eta Durangora joan izan naiz, bertako osasun zentroa gertuago dugulako. |