Euskal Herriko hardcore zaleen topagunea izateko asmoagaz itzuliko da BHCK Fest jaialdiaren edizio berria, bosgarrena, hain zuzen ere. Azaroaren 18an izango da, Berrizko Hiltegixe gaztetxean, eta zortzi musika taldek parte hartuko dute bertan; talde horietariko bost Durangaldekoak izango dira: Armarri, Eje, Ezta Ilen, Unfix eta Worth It. "Esango nuke berpizkunde bat egon dela pandemiak eragindako geldialditik hona, eta horixe da bosgarren edizio honetako abiapuntua. Etenaldi bat dagoenean gogotsu itzultzen da jendea, eta kasu honetan horixe gertatu da. Eszena berritu da eta gauza berriak irteten dabiltza, eta BHCK Festen hori batzen ahalegindu gara", azaldu du Unai Baseta BHCK kolektiboko kideak. "Lehendik zeuden taldeek indar gehiago dutela esango genuke, Worth It eta Kolpeka taldeek, adibidez, eta, horrez gainera, freskotasun berri bat igartzen da orain, talde berriak egin direlako, beste ñabardura batzuk gehitu dituztenak", gehitu du Eneko Basetak.
Ternura talde bilbotarrak, Kolpeka gernikarrak eta Aresi bermeotarrak ere joko dute. "Mapa hartu eta eszenak batzen ahalegindu gara, bai geografikoki eta baita doinu aldetik ere. Hardcoreak batzen dituen doinu desberdinak gurera ekartzen ahalegindu gara", azpimarratu du Aritz Aranburu 'Tarran' kideak ere; horrez gainera, ingurua osasuntsu ikusten dute, eta horren adierazle lez, aurten kaleraturiko hainbat disko aipatu dute: "Kontzertu mordoa egin da aurten, eta diskotzarrak kaleratu dira. Begira Tooth, Vibora, Revertt eta Ezta Ilenenak". Bestalde, June Ruizek jaialdia Hiltegixen egitea nabarmendu du: "BHCK gaztetxeetako filosofiaren isla da. Kolektibizatzeko leku bat dira, saretzekoa, taldeen artean hartu-emana indartzekoa". "Hardcorearen filosofia praktikara eramatea da, funtsean", gehitu du Iban Etxebarriak. Jaialdia 18:00etan hasiko da eta sarrera 10 euroan erosi ahal izango da, egunean bertan.