“Sustraietara jo da eta horrek punk eta oi! zaleak erakarri ditu”

Joseba Derteano 2023ko aza. 13a, 08:50
Armarri. Unai Urizar

Armarri taldeak estreinako kontzertua eman zuen barikuan Zaldibarko Sorgin tabernan, "etxean". Talde berria izan arren, ibilbide luzeko kideek osatzen dute; besteak beste, Worth It, Kohatu, Drop! eta Kutreband taldeetan aritu dira Aritz Aranburu 'Tarran' zaldibartarra, June Ruiz eta Martin Sarasketa berriztarrak eta Kepa Bruña arrasatearra.

Gogotsu zapatuan BHCK Fest jaialdian jotzeko?
June Ruiz: Oso. Barikuan Zaldibarko Sorgin tabernan jo genuen, eta sekulako gaua izan zen. Lehenengo kontzertua lagun artean egin gura genuen, etxean lez sentitzeko, eta horregaitik aukeratu genuenSorgin. Guk sorturiko zortzi abesti eta bertsio bat joko ditugu.
A. A. : Lehenengo kontzertuek beti dute kutsu berezi bat, horregaitik gura genuen Ejeko lagunekin Sorginen egin. Bere sasoian, Stronger Together eta Worth it taldeekin berdina egiten ahalegindu ginen, eta arantzatxo hori genuen. Berpizkunde baten modukoa egon da orain, eta uste dugu egun berezia izango dela gaurkoa. 

Zelan sortu zenuten taldea?
A. A.: Kepak eta biok proiektu berri bati ekin gura genion, hardcorea abiapuntu zuena, baina, aldi berean, erroetara joz; uste dugu horrelako atzera begiratu bat egon dela, sustraietara, eta horrek punk eta oi! doinuen zaleen hardcorera hurbildu dituela. Bestelako doinuak ere jorratu izan ditugu beste talde batzuetan, baina oraingoan hardcorera bueltatu gura genuen. 

Euskaraz abesten duzue.
J. R.: Bai, ez zen beste aukerarik planteatu ere egin. Berbak Armarriren aurkezpen moduko bat dira, estetikari loturik daudenak ere, Erdi Aroko imajinarioagaz. Lau ezpata, armarri bat esaten, adibidez, denok batera indartsuagoak garela esan gura dugu, bai talde lez, baita eszenan ere.

Aurrera begira, zein asmo duzue? 
Martin Sarasketa: Zuzenean jotzen hastea, ahal denean grabatzea, eta disfrutatzea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!