“BHCK Fest da egiten ari diren doinu berri horien erakusle”

Joseba Derteano 2023ko aza. 13a, 08:50

Eje. Miriam Caro

Lehenagotik ere musika munduan ibilitakoak diren arren, aurten sorturiko taldeak dira Eje eta Armarri; eta sortzen ari den hardcore olatu berriaren erakusleetariko bi izango dira zapatuan Berrizen egingo den BHCK Fest jaialdian. Unai Baseta, Eneko Baseta, Iban Etxebarria 'Ezkerra' eta Aritz Maldonado dira Eje.

Irailean kaleratu zenuten 'I', eta orain zuzenean aurkezten ari zarete.  
Unai Baseta: Otsailean egin genuen lehenengo entsegua, maiatzean lagun batzuek antolaturiko jaialdian kontzertutxo bat emateko asmoagaz. Gustura geratu ginen egindako abestiekin, eta ekainean horiek grabatzea erabaki genuen. Emaitzagaz oso gustora geratu gara, bandcampean entzun daiteke. 
Eneko Baseta: Zerbait puntuala egiteko asmoz hasi genuen Eje, Haatik eta Stronger Together taldeak denbora baterako geldi egon behar ziren eta. Baina gustura gabiltzala ikusita, aurrera egitea erabaki genuen, eta badirudi harrera ona izan dugula, kontzertu nahikotxo lotu ditugulako udazkenerako. Gernikako Iparragirren jo dugu, Elorrioko Ateneoan, eta Bilboko Sarean aretoan; Berrizko Hiltegixen eta Donostiako Mogambon joko dugu, datozen asteetan.
Aritz Maldonado: Talde itzelekin jotzeko aukera izan dugu, gainera: Vibora, Zikin, Foreseen, Oscuro Culto... Lagun asko egiten ari gara. 

Armarrigaz jo zenuten barikuan Zaldibarren.
U. B.: Gau itzela izan zen. Aspalditik ezagutzen ditugu Armarriko kideak, eta gureen antzeko iturrietatik edaten dutela esango nuke. Filosofian ere bat egiten dugu: kontziente gara gure espazioak zeintzuk diren, eta elkarregaz gauza politak irten daitezkeela uste dut. Oraingoz, gure asmoa kontzertuak ematea da, ondo pasatzea, dantzan egitea, eta disfrutatzea.

Talde sorta politak osatzen du V. BHCK Fest jaialdiaren kartela.
Iban Etxebarria: Eszena berritu egin da, eta gauza berriagoak egiten ari da, eta BHCK Fest horren erakuslea da, neurri batean. Esango nuke aurtengoa oso urte ona izaten ari dela. Inguruko taldeek disko itzelak kaleratu dituzte, eta jaialdi eta kontzertu ugari antolatzen ari da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!