Sandra Gomezek Hard Enduroko emakumeen lehen munduko txapelketa irabazi du

J.D.

Sandra Gomez erdian, munduko txapelketako podiumean. (Argazkia: Espainiako Motoziklismo Federazioa)

Atxondon bizi den pilotuak Aguilar de Campoon (Palentzia) jaso du munduko txapeldunaren garaikurra.

Sandra Gomezek (Madril, 1993) Hard Enduroko emakumeen lehenengo munduko txapelketa irabazi du. Atxondon bizi den pilotuak asteburuan eskuratu zuen titulua, Aguilar de Campoon (Palentzia) lehiatu zen egutegiko azken proban.

2020an eta 2021ean ere munduko emakumerik onena izan zen Hard Enduroan, baina orduan ez zegoen beren beregi emakumeentzako txapelketarik. Aurten antolatu dute lehenengoz, azken urteetan emakumezko pilotuen kopurua hazi egin delako.

Gomezentzat, garaipenak esanahi berezia du. "Duela hamar bat urte Hard Enduroan hasi nintzen, neskarik ez zegoen lasterketetan parte hartzen. Neska batek amaitzea ezinezkoa zirudien probak amaitzera iritsi nintzen, mutil askorentzat ere ia ezinezkoak direnak. Begirada txarrei eta iruzkin desegokiei aurre egiten ere ikasi behar izan dut", adierazi du.

"Niretzat titulu hau opari bat da, eta poliki goazen arren eta oraindik gutxi garen arren, gero eta emakume gehiago gaudela erakusten du", gehitu du. Horrekin batera, garaipenak emakumeen kirolari "ikusgarritasuna emateko" balio izatea espero du. 

Gomez Espainiako Motoziklismo Federazioko (RFME) Emakumeen Batzordeko arduraduna ere bada, eta emakume gazteen artean kirol hau sustatzeko lanean dihardu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!