"Moto sektorean emakumeekiko konfiantza falta dagoela uste dut"

Anboto 2025ko urt. 31a, 09:30

Sandra Gomezek gazte gaztetatik izan du motoa bidelagun. Bere ibilbidean makina bat txapelketa irabazi du: Superenduroko munduko txapelketa 2016an, Hardendurokoa 2020an eta 2021ean, Nazioen arteko txapelketa zazpi bider eta moto elektrikoen munduko txapelketa behin, besteak beste. Baina lorpenik entzutetsuenak Dakar rallyak ekarri dizkio. 2022tik hona hiru bider parte hartu du. 2022an 62. amaitu zuen; 2023an ezin izan zuen amaitu, arazo mekanikoengaitik; eta iaz ez zuen parte hartzeko aukerarik izan. Aurten, Fantic talde italiarragaz, bera izan da motoetan parte hartu duen emakume bakarra, eta 43. tokian amaitu du.

Aurtengo Dakar rallya aspaldiko urteetako gogorrena izan dela diote. Zu ere uste berekoa zara?
Nik parte hartu dudan gogorrena izan da, behinik behin. Harea espero genuen baino bigunago zegoen, eta, gainera, oso lasterketa teknikoa izan da. Ibilbidea urterik urtera teknikoagoa da, profesionalei begirakoa amateurrentzakoa baino gehiago. Beharbada horregaitik, ohikoa baino Dakar geldoagoa izan da. Batez besteko denborari begiratuta, Dakar bat eta erdi egitearen parekoa da. Fisikoki exigentea izan da. Niri gustatu zait. 

Gustura geratu zara zure errendimenduagaz?
Bai, pozik nago. Etxeko lanak eginda joan naiz. Dakarren gidatu dudan antzeko moto bategaz entrenatu naiz eta moto-kros asko egin dut ondo prestatzeko. Dakarra lasai hartu nuen. Egunetik egunera hobeto sentitu naiz. Apurka motoa nire gustura egokitzen joan gara. Dakarra oso rally luzea da, kilometro asko dira 14 egunetan, eta hasieratik ziztu bizian irtenda istripua izateko arriskua dago. Talde osoak lan ona egin duela uste dut. 

Zeintzuk dira Dakar rallya lehiatzeko pilotu batek behar dituen dohainak?
Teknika, indar mentala, jakintza mekanika kontuetan… gaitasun asko dira. Gaur egun, esperientzia handirik bako gazteak dabiltza Dakarren, baina nire belaunaldiko pilotuentzat Dakarra ez zen lehenengo helburu bat, bide baten amaierako helmuga baino. Esperientzia eta heldutasuna eskatzen dituen lasterketa dela uste dut. 

Dakarren dena ez dago pilotuaren esku: erorikoak, arazo mekanikoak… Izan duzu horrelakorik?
Kanpo faktoreen aldetik, Dakar lasaia izan da. Motoa zaintzen asmatu dudala uste dut. Behin, motelgailua apurtu eta bera barik egin nuen etapa bat. Beste behin, eskulekua okertu eta halaxe amaitu behar izan nuen etapa. Baina, tira, Dakar baten barruan horiek txikikeriak dira. Eta erorikoak izan ditut, baina ez dira larriak izan eta normal jarraitu ahal izan dut.  

Zelan gogoratzen duzu 2022ko Dakarra, zure estreinaldia izan zena?
Ikaragarria izan zen. Sekula beteko ez dela uste eta apur bat alboratuta duzun amets bat errealitate bihurtu zitzaidan. Amaitu nuenean emozio asko pilatu zitzaizkidan.

Aurten 137 parte hartzaile izan dira motoetan, eta zeu zara emakume bakarra. Zergaitik desoreka hori?
Motoen sektorean, emakumeekiko konfiantza falta dagoela esango nuke. Ate joka ibili naizenetan, sarritan sentitu dut hori. Baina borrokalaria naiz. Hainbeste urteren ondoren, ez dut sinesten emakumeek saltzen ez duten aitzakia hori. Bestalde, aukerak falta ditugu, bai, baina ez da etsi behar. Kirolaria izatea eta horretarako bizitzea gogorra da. Bakoitzak bere partetik ipinita, ea aurtengoa den motoetan emakume bakarra egon den azkenengo aldia. 

Trail eta endurotik rallyetara alde handia dago?
Trialak asko lagundu dit. Triala probatu barik ez nintzen Hard Enduroko munduko txapelduna izango, hori seguru. Aldi berean, Hard Enduroko eta moto-kroseko esperientzia izan barik, ez nuen Dakar rallya hain ondo egingo. Bata bestearen osagarri dira. 

Zenbat kostatzen da Dakar rallyaren exigentziatik errekuperatzea?
Asko. Dakarra ez da amaitzen etxera heltzean. Egunak ematen dituzu moto gainean zoazela ametsetan, egun asko eman dituzulako motoan. Lo orduak tentsioan pasatzen dituzu, oraindino lasterketa amaitu ez bazenu lez. Goizeko bostetan jaikitzen zara egun askotan, ordutegi hori barneratuta duzulako. Dakarrak errekuperazio motela du. Mentalki oso proba gogorra da eta hori ordaindu egiten da gerora ere.

Egongo zara 2026ko Dakarren?
Ondo egongo litzateke. Gura nuke. Ikusiko dugu, bagabiltza lanean horretarako.

Zer asmo duzu urte honi begira?
Hard Enduroan onena izaten jarraitu gura dut. Gainera, Austriako Red Bull Erzbergrodeo proban parte hartuko dut ekainean. Emakume batek sekula ere ez du amaitu lasterketa hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!