[BIDEOA] Sandra Gomezek emakume batek inoiz lortutako markarik onena egin du Austriako Red Bull Erzberg proban

J.D. 2026ko ekainaren 10a

Sandra Gomezek beste mugarri bat ezarri du hard enduroan. Atxondon bizi den madrildarrak emakume batek inoiz lortutako emaitzarik onena eskuratu du Red Bull Erzberg Rodeoan, Austrian Eisenerz meategian jokatutako munduko proba gogorrenetako batean. Guztira 1.129 parte hartzaile izan dira aurten, eta Gomezek 58. postuan amaitu du sailkapenean, 26 kontrol-puntu dituen ibilbidean 20.eraino helduta. Horrela, Laia Sanzek 2019tik zeukan marka hobetu du. 

Proba amaitu ostean, Gomez pozik agertu zen egindako lanarekin: "Motor gainean oso ondo ibili naiz, batez ere zatirik teknikoenetan. Pena izan da irteeran hain atzean geratu izana, baina gero postuak berreskuratzen joan naiz. Uste dut nire sasoirik onenean nagoela. Datorren urtean lehen lerroan irteteko borrokan jarraituko dut, eta nork daki helmugara iristea lortuko dudan. Nik behintzat amets horren alde lanean jarraituko dut", adierazi zuen. Era berean, talde osoari eta bereziki mekanikariei eskerrak eman zizkien, asteburu osoan motorrak "ezin hobeto" erantzun zuela azpimarratuz.

Erzberg Rodeoak aurten hamahirugarren edizioa ospatu du aurten. Barikuko eta zapatuko jardunaldietan 12 kilometro inguruko zirkuituan lehiatu ziren pilotuak. Kamioien pistetatik ibili ziren eta 137 kilometro ordura arteko abiadurara heldu ziren. Domekako lasterketa nagusian, berriz, lau orduko mugan 26 kontrol-gune gainditzen saiatu ziren parte hartzaileak, malda eta harrien artean diseinatutako ibilbide teknikoak gandituz. 

Sandra Gomez Austriako proban.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!