Atxondarrek kalera irten dute gaur, astelehenean AHTko lanetan behargin bat hil zela salatzera. Herri mugimenduak deituta, plazan batu dira protestan, eta manifestazioan zeharkatu dituzte Apatamonasterioko kaleak. Bukaeran, manifestu bat irakurri dute. AHTko lanetan beharrean dabiltzanek "prekarietatea" eta "lan baldintza gogorrak" bizi dituztela salatu dute, eta elkartasuna adierazi diete hildako beharginaren gertukoei eta familiari. Halaber, protestara baturikoen artean egon dira udal ordezkariak ere. Instituzio horrek, hain zuzen ere, adierazpen instituzionala kaleratu zuen atzo: "doluminak eta elkartasuna" adierazi zizkien hildako beharginaren senide, lankide eta gertukoei, eta "lan-segurtasunaren aldeko konpromisoa" berretsi zuen. Era berean, laneko segurtasunak "lehentasunezko tokia" izan behar duela adierazi zuen udalak.
Martitzenean eman zuen LAB sindikatuak, asteleheneko lan-heriotzaren berri. Astea hasi denetik, Euskal Herrian lau behargin hil dira lan-istripuz: Andosillan (Nafarroa) eta Atxondon, astelehenean; Amurrion, martitzenean (Araba), eta, Bilbon, gaur. Urtea hasi zenetik, 24 dira lanean hildakoak, LABek dioenez.