Astelehenean langile bat hil zen Atxondon, AHTko lanetan gertatutako lan istripuan. Ezbeharraren harira, Atxondoko herri eragileek lan istripua salatzeko elkarrataratzera deitu dute. Eguen honetan, 18:30ean izango da, Apatako plazan.
Azken lau hilabeteetan Atxondoko AHTko lanetan gertatzen den bigarren istripua dela salatu dute, azken hau hildako batekin. "Prekarietatea eta lan baldintza gogorretan bizi dira obra honetan lan egiten duten langileak", salatu dute sareetan zabaldutako mezu batean. "Politikari eta eraikuntza enpresak diru publikoaz etekinak ateratzen dituzten bitartean, langileok hiltzeko arriskuan bizi gara egunero", gehitu dute.
Ezbeharraren aurrean "elkartasuna" adierazi diote "langile klaseari eta hildako langilearen familiari", eta, udal taldeari obra horretako "prekarietate eta irregulartasun guztiak salatzen jarraitzeko" eskatu diote.